Beasaingo EH Bildu herriko eragileekin bilduko da beharrak diagnostikatzeko
«Izugarrizko balioa» izango duen lanketa egin nahi dute. Energia jasangarriak, etxebizitza, elikadura burujabetza, HAPOa, feminismoa eta kultura eta sorkuntza izango dira lan ildoak
Beasaingo EH Bilduk herriko eragile ezberdinekin harreman-erronda hasiko duela iragarri zuen atzo. «Beste pauso bat eman nahi dugu. Beasain justuago eta aurrerakoiagoa dugu xede, herritarrek eraikitako herri bat. Horretarako, herriko eragileek eta herritarrek izan ditzaketen beharren diagnosi bat egitea da lehen pausoa», azaldu zuen Hasier Agirre Beasaingo udalbatzako EH Bilduko zinegotziak, alboan taldeko gainerako alderdikideak zituela. «Ahalik eta herriko eragile gehienekin hausnartu nahi dugu nolako Beasain nahi dugun, eta horretarako ze baliabide behar diren. Uste dugu badirela herrian aurrekontuetan eta udalaren egunerokoan islatzen ez diren hainbat behar. Horiek identifikatu eta erantzun bat ematen saiatuko gara». Agirrek azpimarratu zuen Beasainek izan badituela baliabideak herri garatuago bat lortzeko, eta horri heldu nahi diotela. «Udalaren lanak gehiago izan du gazitik gozotik baino».
Lan ildo nagusiak zehaztu zituzten: etxebizitza, elikadura burujabetza, energia jasangarriak bultzatzea, HAPOaren lanketa estrategikoa, feminismoa eta kultura eta sorkuntza bultzatzeko hainbat eragilerekin hasitako ekimenak. Harremanak hiru fasetan banatu dituzte, lehentasunaren arabera banatuta. «2022ko aurrekontuei begira, baina baita ere datozen urteetako herri programara begira izugarrizko balioa izango duen lanketa egin nahi dugu». «Herria entzun nahi dugu, herria ahaldundu nahi dugu. Gure herri eredua hau da. Elkarlanean, behetik eta umiltasunez eraikitako herria».
EH Bildurentzat udalaren hainbaterabaki «arduragabeak» izan dira
Beasaingo EH Bilduk agintaldiaren lehen erdiaren balorazioaegin zuen atzokoan. Beraien ustez Udal Gobernuak hartutako hainbat erabaki «arduragabeak»izan dira, «beasaindarren ongizatea kaltetu eta erakunde publiko baten pribatizazioa indartu besterik ez dutelako egiten». Igartza auzoko bi noranzkoen berreskuratzea, udaleko hainbat lanpostu betetzeko erabilitako «zalantzazko ekinbideak» eta «etengabeko» azpikontratazioa zerrendatu zituzten adibide gisa, besteak beste.
Koalizio abertzaleak salatu zuen Udal Gobernuak oposizioaren lana ez duela behar bezala baloratzen. «Bereziki kezkatzen gaitu bi urte hauetan Udal Gobernu honek oposizioaren lana zailtzeko etengabe erabiltzen duen lan sistema». Kreditu aldaketa «etengabeak» eta batzordeen funtzionamendu «eskasa» jarri zituzten adibide gisa. «Lanketarako guneak izan beharko liratekeen batzordeak, adibidez, Osoko Bilkuretako gaiak pasatzeko tramite hutseko bilera soilak dira. Herritarrek parte hartzeko izan dezaketen gogoa erabat zapuzten duten espazioak dira», azpimarratu zuten. Ohikoak izanagatik bileretara joateari utzi dioten herritarren kasuak badaudela gaineratu zuten.
Elkarlanerako prestutasuna izan dutela defendatu zuten.«Udalean dugun indar korrelazioaren desabantaila handiadela jakitun garen arren, proposamenetan oinarritutako oposizio bat egin dugu». Nerea Manzisidor EH Bilduko zinegotziak orain arte egindako proposamenik garrantzitsuenak zerrendatu zituen, besteak beste, etorkinentzako harrera plana, COVID-19ak eragindako kalteei aurre egiteko proposamenak eta kontratazio publikoetarako hizkuntza eskakizunak. «Proposamen batzuk aurrekontuetan txertatu dira eta beste batzuk jaramonik egin gabe gelditu diren zerrenda baino ez dira», atsekabetu zen.