Iztuetak irakatsiak, Sukiak dantzatu
'Arineketan' dantza eta musika ikuskizuna egingo dute bihar Zaldibian. Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastre musikarien proiektuan Libe Sukia dantzari zaldibiarrak parte hartuko du.
Bigarrenean, aidanez. Libe Sukiari arantza geratu zitzaion urrian, Haatik dantza konpainiarekin Zaldibia sorterrian Errimak bi oinetan ikuskizunean parte hartu ezinik geratu zenean. «Konfinatuta nengoen, eta har horrekin geratu nintzen», aitortu du dantzari zaldibiarrak. Bihar aterako du, Arineketan ikuskizunean parte hartuko duelako, Resti frontoian, 18:30ean. Sarrerak (10 euro) kultur etxean aurrez eta frontoian ordubete lehenago eros litezke.
Jagoba Astiazaran txistulariaren eta In?ar Sastre piano jotzailearen izen bereko diskoan oinarritua da Arineketan ikuskaria. «Diskoaren abiapuntua Juan Inazio Iztueta zaldibiarra eta hark jasotako euskal dantza doinu eta erritmoak izan dira», esan du Jagoba Astiazaranek.
Urrian atera zuten diskoa, eta hamabi-bat emankizun egin dituzte. Euskal Herriko Musika Bulegoa Saria irabazi du Arineketan proiektuak. Asteazkenean jaso zuten, Biarritzen. Diskoko piano eta txistu oinarria, zuzenekoetan zazpi artistak hornitzen dute: aipaturiko biez gain, Xabi Zeberio (biolina), Ainara Ortega abeslaria eta Agate Amilibia (txeloa), musikari dagokionez.
Musikarekin batera, ordea, dantza da bigarren zutabea. Haatik konpainiako bi kide aritzen dira aldiko. Sukia zaldibiarra izanda, herrian ezin huts egin.
Iztuetagandik modernora
Libe Sukia 2019ko udazkenean hasi zen Haatik konpainian. Aurretik, Ibarrako Alurr dantza taldean hamar urtetik gora baditu.
Iztuetak jaso eta idatziz deskribatu zituen zenbait dantza tradiziozko aurkeztuko dituzte, batetik. «Belaun txingoa, Aurreskua, Ezpata dantza… guk, dantza aldetik, tradizionalak egiten ditugu. Musikariek, piano jotzaile eta txistulari profesionalak izanik, nahasketak egin dituzte», dio Sukiak.
Hala, Iztuetaren doinu eta erritmoak gaitzat hartu, eta pop, jazz eta latino kutsuko erritmoekin nahastuko dituzte musikariek. «Musika tradizionalarekin jolastea eta dibertitzea da helburua. Gaurkotzea. Gaur egun ere erabilgarri direla erakustea», erantsi du Astiazaranek.
Musikarien hari horri segika, dantzariek ere garapen bat erakutsiko dute oholtzan. «Tartean fandango pare bat eta arin-arin bat. Baina horiek jada koreografiarekin eginak izango dira. Dantza tradizionalen eta melodia berrien arteko nahastea da», aurreratu du Sukiak.
Zaldibiarren dantza dohainak ere batuko dira, Iztuetaren ondarea eta Libe Sukiaren artea Zaldibian bertan ezkonduta. Guztia, Arineketan proiektuaren sariaren osteko lehen saioan.