Musika elektroniko taldea sortu dute Iosu Isaiasek eta Alayn Carazok
Hegazkin taldeak gaur Zarauzko gaztetxean joko du, ekainaren 3an Bergarako Seminarixon eta ekainaren 11n Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Diskoa mukuru.eus webgunean entzun daiteke
Iosu Isaias Villanueva Isuok Hegazkin talde berria sortu du, Alayn Carazo Iturriaga bergararrarekin. Estreineko diskoa argitaratu dute eta udaberri honetan hainbat kontzertu eskainiko dituzte.
Lehen kontzertua gaur bertan izango da, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. IbonRg eta Enrike Hurtadorekin joko dute. Ekainaren 3an Bergarako Seminarixon joko dute, Paxkal Irigoienekin. Herrian ere joko dute, noski. Ekainaren 11n Zumarragako Zelai Arizti aretoan izango dira, Hatxe taldearekin.
Isaias eta Carazo hainbat taldetan aritu dira Hegazkin sortu aurretik: Eyharts, Txost! eta MKT taldeetan, besteak beste.
Proiektu berri honetan, sintetizadoreak, gitarra elektrikoak eta ahotsa erabiliz, musika sendo bezain sentikorra jorratzen dute: pop, trip-hop…
Sei kantuko diskoa argitaratu dute, Haize beltzak izenekoa, Mukuru kolektiboaren zigilupean. Shot! estudioan grabatu dute Ander Barriuso Muñoa teknikariaren eskutik. Diseinua eta maketazioa Aritz Ormazabal Barrios urretxuarrarena da. Gvridi artistaren bideoklipak ere iragarri dituzte. Taldearen izena Borrokan talde beratarraren abesti batetik hartu dute.
Gaztetxean ezagutu
Isaiasek eta Carazok Urretxuko gaztetxean ezagutu zuten elkar. «Elektronika jaialdi batean ezagutu ginen. Alaynen taldea etorri zen eta flipatuta gelditu nintzen. Egiten zituen soinuak asko gustatu zitzaizkidan eta elkarrekin zerbait egitea proposatu nion».
Bergararrak baiezkoa eman zion, baina ez zen lan erraza izan. «Ez genekien oso ondo zertara iritsi nahi genuen eta ezta nola egin nahi genuen ere. Soinu pila bat egiten genituen, baina ez zitzaizkigun gustatzen. Halako batean bioi gustatzen zitzaigun soinu bat egin genuen eta bide hori hartu genuen. Berak sintetizadoreak maneiatzen ditu, traste asko ditu, eta gitarra jotzen du eta nik abestu egiten dut».
Abestiek oinarri elektronikoa dute. «Musika elektronikoa dela esatea pixka bat arriskutsua da, oso genero zabala baita. Jendeak elektronika technoarekin lotzen du eta gure musikak ez du horren antzik. Tresna elektronikoak erabiltzen ditugu, baina pop-a eta trip-hop-eko soinu mantsoak egiten ditugu».
Hitzak Isaiasenak dira. «Gehienak amodiozko kantuak dira, baina gai ilunak ere lantzen ditugu».
Pandemiak gauzak asko zaildu dizkie talde txikiei, gaztetxe gehienetan kontzertuak antolatzeari utzi baitiote, baina hiru kontzertu lotzea lortu dute. Diskoa dagoeneko sarean dago, mukuru.eus-en. Norbaitek diskoa erosi nahi badu, hegazkin@mukuru.eus-era idatzi behar du. Kontzertuetan ere salduko dute.