Euskaratik reikira, maistra beti
Euskararen harian, Lazkaotik mundura egin bidaia kontatzeko gonbidatu, eta bere bizitzaz eta reikiaz bi saio eskaini ditu Libe Goñik.

Asko bizi izandakoak asko izaten du kontatzeko. Halakoa da Libe Goñi Garate lazkaotar irakaslearen mundualdia. Gerriko elkarteak gonbidatuta, zapatuan bere bizitza jorratu zuten, Joxepa Madariagak galdetuta. Igandean, reiki saioa eman zien 17 laguni, Har 3 minutu zuretako liburutik.
Musika izan du Goñik kontakizunean gidari. Festetan txistulariek esnatzen zutela gogoan, Segurako alborada txistulariak jota hasi zen. Lurdes Iriondo, Xabier Lete, Urko etorri ziren gero. «Oilo ipurdia atera digu askotan», aitortu du Madariagak.
Lazkaoko haurtzaroa, familia, herriko giroa eta bizipenak astindu ditu Goñik. Euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna, biak bat eta batera bizi, jorratu eta landu izan ditu. Ipar Euskal Herrira ihesi joana, Seaskan euskalgintzan barneratu zen: irakasle, Olentzero ateratzen, taloak, kantua, dantza, ikurrina…
Haurrekin Lazkaora
Seaskako lehen irakaslea zen Goñi. Udako oporretan, hango ikastoletako haurrak Lazkaora ekartzen zituzten, familietan egon eta euskara sendotzeko.
Mikel Zabaltzaren hilketaz ere aritu zen, lehengusua izanik, familian jasan zutenaz. Gerrikoren solasaldi sorta atzo bukatu zen, Beñat San Jose futbol entrenatzailearekin. Nerea Barandiaaran irrintziaz aritu zen lehenik.