Igartubeiti Baserri Museoak Patrim+ bidezko ekintzak aurkeztu ditu
Pirinoetako museoen, ekomuseoen eta ondarearen interpretazio zentroen sarea da Patrim+. Euskal Herriko Unibertsitateak ere parte hartu du
Ezkioko Igartubeiti Baserri Musoak Patrim+ proiektuan parte hartu du. Pirinoetako museoen, ekomuseoen eta ondarearen interpretazio zentroen mugaz gaindiko sarea da Patrim+, museo horien arteko lankidetza eta elkarlana bultzatzeko asmoz sortua. Atzo egin zuten proiektuaren aurkezpena telematikoki eta bertan izan zen Kizkitza Ugarteburu Igartubeti Baserri Museoko koordinatzailea.
Ezkioko museoaz gain, Pirineotako bi aldeetako beste 10 eragilek parte hartu dute ekimenean: Seix-eko gaztelua-Couserans ondareak, Ecomuseu dels Valls d’Àneuk, Centro Santiago Ramon y Cajalek, Musèe Larrey-k, Vero ibaiko parke kulturalak, Musèe del Auriñaciensek, Pirinoetako Sormen eta Kultura Zentroak, Roldango Salto Espazioak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak.
2008an jarri zuten martxan proiektua, eta 2017an Poctefa finantziazioa lortu zuten 4 urtetarako. Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko garapena sustatzeko europar programa da. Publiko orokorrarentzako irisgarritasuna, lurraldetasuna eta kalitatezko turismo jasangarria lantzen dute. Koronabirusa dela eta indarra hartu du ekimenak, ekintza kulturalak bertan behera geratu direlako tarte batez. «Erronka eta zailtasun bereko museoak batu gara eta horrek bestela dimentsio txikiago batean gauzatuko genituzkeen ekintzak egitera bideratu gaitu», azaldu du Ugarteburuk.
Egonaldi artistikoa
Ekimenaren barruko lehen ekintza Igartubeiti Baserri Museoan egonaldi artistiko bat izan zen, ondare kultural eta artistikoaren arteko lotura sustatzeko: «Komunitate lokalarekin harremanak estutzeko baliagarria izan da». Pandemia garaian, aldiz, Pirineotako mito eta kondairak erakusketa jarri zuten ikusgai: «Oso aberasgarria izan da, familientzat batez ere; tailerrak eta ipuin kontaketak antolatzeko aukera eman zigun komunitate lokala gertuago izateko».