A-636ko bidesarien aurkako autokarabana antolatu dute zapaturako
Parte hartzaileak 11:00etan abiatuko dira, Urretxuko Mugitegi industrialdetik. Beasainen, Zumarragan eta Bergaran topaguneak egongo dira; 11:30; 12:00 eta 12:30ean.
A-636ko bidesarien aurkako plataformak kotxe-karabana egingo du larunbatean Beasaindik Bergarara doan errepide zaharrean. 11:00etan irtengo dira Urretxuko Mugitegi industrialdetik, Ormaiztegirantz. Ondoren, hiru topagune egongo dira: 11:30ean Beasaingo CAFeko aparkalekuan, 12:00etan Zumarragako Eitza auzoan eta 12:30ean Bergarako Lebagaraieta kiroldegian. 13:00etan Mugitegi industrialdera itzuliko dira.
Plataformako kideek prentsaurreko agerraldia egin zuten atzo. Herritarrak parte hartzera animatu zituzten. Beraien ustez, bidesarien aurka azaltzeko arrazoi asko daude. «Gezurra esan digute, Europak bidesaria inposatzen duela eta lurralde kohesioagatik egiten dela esan dutenean. Egia esan, bidesaria eta haren baldintzak (hasiera data, kuotak eta urteko igoerak) honako banku erakunde hauek ezarri dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatu zuen maileguan: BBVA, Banco de Santander, Banco de Sabadell, Banco Popular Español, Bankinter, Bankoa, Abanca eta Caixabank. Bidegik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erakundeak, zor handia du eta gure politikariek erabaki dute Urola Garaiko, Goierriko eta Debagoienako ikasle eta langileok ordainduko dugula».
Errepide alternatiboak, zaharrak, ez dituela gutxieneko baldintzak betetzen salatu zuten. «Politikariei berdin zaie segurtasuna, kutsadura eta herrietara trafikoa desbideratzea. Batzarkideek ez zuten errepide zaharra ezagutzen, ez eta ibilbideak egiteko behar den denbora ere. Ez zaie axola. Bankuekiko zorra ordaindu egin behar da, eta uste dute hobe dela pisu demografiko eta boto gutxiagoko eskualde horietan ordaintzea».
Alderdien jarrera
EAJko eta PSE-EEko alkateen jarrera salatu zuten. «Neurriaren alde agertu dira argi eta garbi, nahiz eta jakin kalte ekonomiko larria izango dela langile eta ikasleentzat (380 euro inguru lehenengo urtean). Era berean, merkataritza eta industria ahuldu egingo dira. Hala ere, gure alkateek interes pertsonala (kartera, alderdi barruko estatusa, aulkia mantentzea) lehenetsi dute».
EH Bilduri, berriz, argi hitz egiteko eskatu zioten. «Galdetu al daiteke Bilduk zer egingo duen Gipuzkoako Foru Aldundian berriro agintzen badu? Bere jarrera anbibalentea da. EAJk eta PSE-EEk dagoeneko besarkatu duten ‘erabiltzen duenak ordaindu egiten du’ lelo neoliberal hori bere egingo al du? Hezkuntzan, osasunean edo gizarte laguntzan ere aplikatuko al dute?».
Errepideak mantentzea garestia dela jakitun dira, baina langileen gain jartzearen aurka daude. «Argi dago obra guztiek eta horien mantentze lanek kostua dutela, baina lanera edo ikastera joateagatik urtean 400 euro inguruko bidesaria ezartzen saiatzea harrapaketa bat da. Irtenbide sinpleegia. Aldundiaren kudeaketa txarraren aurrean, beste behin ere langileriak ordaintzea da irtenbidea. Ez gaude hori onartzeko prest».