Euskara kultura askotako familiekin uztartzen saiatuko dira Zaldibian
Lardizabal eskolan proba-pilotua abiarazi dute, ez dakiten familiekin euskaraz bizi ahal izateko. HHko umeen %40ren gurasoak dira. ‘Arnasgune’ funtzioari eutsi nahi diote.
Herri euskalduna da Zaldibia, euskaraz bizi dena, eta hizkuntzari berari arnasa ematen diona. Baina zenbait kezka sortu dira han ere. Arnasgune diren herrietan ere euskara atzeraka ari dela sumatu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen neurketa batek, eskoletan. Migrazioaren eragina da faktore bat –ez bakarra–, eta euskararen erabilera eta kulturartekotasuna uztartzeko proba pilotua abiatu dute Lardizabal herri eskolan.
Haur Hezkuntzako haurren%40k estatutik kanpoko jatorridun gurasoak dituzte Zaldibian. Familia horiekin zaildu egin da komunikazioa eta familiarekiko harremana, bai bileretan, bai ikastaroetan, bai topaketetan. Ikasleek segituan ikasten dute euskaraz, baina familien ia erdiek ez dakite. «Kezka sortu da, komunikazioa zer hizkuntzata negin, eta sendien parte-hartze aktiboa nola lortu», azaldu du Eider Amundarain zuzendariak, elkarrizketa batean.
Oharrak bi hizkuntzatan bidaltzetik harago, eta Uemarekin lankidetzan, hizkuntzaren erabileraren beste irizpide batzuk landuko dituzte. Kurtso hasierako bileran, informazioa bakoitzari bere hizkuntzan eman zitzaion. Xuxulariaren figura ere erabili izan dute: euskaraz ez dakienari, bat-batean belarrira itzuli bileran esaten ari direna.
Euskara eta eskubideak
Bi zutaberen gainean landuko dute saiakera, 2022ko ekainera arte. Lardizabal eskolaz eta Uemaz gain, udalak, guraso elkarteak, Etxekonekok elkarteak eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateak parte hartuko dute, Amelia Barquin buru.
Batetik, Zaldibiako hizkuntza nagusia euskara izanda, euskaraz funtzionatzea da helburu bat; arnasgune izaerari eutsi, beste leku batzuetara zabaltzeko ere. Bestetik, herritar guztien hizkuntza eskubideak nola uztartu, beti ere euskararen sustapena, komunikazioa eta eskolako komunitateko «giro ona» lortzeko. «Korapilo hori daukagu. Oraingoz, arazo hori daukagula jarri dugu mahai gainean. Prozesu bat hasi dugu korapiloa askatzeko zer estrategia martxan jarri zehazteko», dio Uemako teknikari Garikoitz Goikoetxeak.
Arnasguneen kontzientzia
Gakoetako bat, zuzeneko hartu-emana da. Batzuek euskara bazenik ere ez zekiten, Zaldibiara etorri arte. Arnasgune kontzeptua ere arrotz zaie herritar askori. Euskal Herriaren egoera soziolinguistikoa azaltzeak errezelo asko deusez ditzakeela ziurtatu dute. «Arnasgune batean gaudela kontziente izan behar dugu, baita irakasleek geurok ere, lehenengo», dio zuzendariak.
Erakunde eragileetako kideekin talde eragile bat sortu dute, eta kontraste talde deituriko 15-20 laguneko beste bat ere bai, urte osorako kronograma eta aurrerapenak jarraitzeko. Komunikazio formatuekin hasiko dira.