Gorria nagusi produktu berrietan
Hasita zeuden gereziari eta marrubiari mugurdia eta zerba gorria gehitu behar dira astehonetan, Ordiziako feriak bizi izan duen egoera gorriari buelta eman nahian bailetoz.
Hemengo fruten garaiari gorri koloreko frutek hasiera eman ohidiote. Atzo, hirugarrena, mugurdia izan zen, laster ekarriko dituzten andere eta indiar mahatsen zain. Ekarri ahala saldu ohi ditu Arantxa Zurutuzak eta atzo ere hala gertatu zitzaion lehen mugurdiekin, 2,5 euroan ontzitxoa (170-200 gr. ingurukoa). Marrubiak ere aste batetik bestera enkargatzea hobe da, ez baitu produkzio handia, baina bai estimazioa. Hemengo gerezirik ez atzo, Gabiriako Oñatibi txikiko Elosegi bi astez behin edo etorriko da, gainerako lanak ahalbidetzen dionaren arabera, alegia; atzo ez zen hor eta Aldaba Zaharreko postuko Diana Matarranzek zioenez, haien goiz gerezia bukatu da.
Barazkietan zerba gorria ekarri dute Caparrosotik 2,5 euroan kiloa. Baita lehen kuiatxoak 2 euroan kiloa eta brokoli berriak (2,5 euroan bakoitza) ere. Nafarroa erribera aldeko eta Goierriko baratzeen arteko diferentziaren lekuko. Azkoitiko Joxe Mari Uzinek, berriz, lehen Gernikako piperrak, 6 euroan kiloa: «Apirileko bigarren astean erein genituen negutegian eta hauxek lehenak».
«Esnatzen ari dela dirudi»
Hauxe adierazi digu Dianak Matarranzek, feria poliki-poliki suspertzen ari dela sentitzen duela, baina «oraindik lehengora ez da etorri, jendeak beldurrez segitzen du eta betikoak ziren bezero batzuk ohiturak ere aldatu dituzte», zioen Patxi Atienzak landare saltzaileek ere.
«Bai, saltzen ari gara baina ez beste urtetan bezala, jende gutxiago izateaz gain eguraldiak ere ez du lagundu orain arte, oso aldakorra izan da maiatza, beranduago datoz bai udaberria eta baita udazkena ere azken urte hauetan eta ezin puntua hartu», Esther Insaustiren hitzak. Babarrun beltz landarea zuten salgai. Hau normalean erein ohi da, ikusi behar ze harrera duen, 0,50 euroan bakoitza salgai.
Arramaiatza, garagarrila, bagila, ereiaroa… izen asko ditu hilabete honek, berezko eginkizunekin lotuak batzuk, beharko genukeen eguraldiarekin ekaina –eguzki gaina– hau.«Maiatza infernu, ekain-uztailak zeru» dio aspaldiko esaera batek, beteko balitz gaitz erdi.
Gomendio batekin bukatuko dugu gaurkoa, azokaz hausnarketa egokia, herenegungo Pentsatu artikulua, Onintza Enbeitak idatzia; irakurtzea merezi du.