Matxismoaren aurka, lau bidetatik
Andramendi ikastolako ikasleek ‘KoloreKultura’ proiektua jendaurrean aurkeztu dute UsurbeAntzokian. Indarkeria matxistaren gaia landu dute, diziplina eta sortzaile desberdinak uztartuta.
Andramendi ikastolako ikasleek urduri begiratzen dute friso artetik. Usurbe Antzokia betetzen ari da, ahal den neurrian. Beraien ikaskideak ikusten dituzte, guraso batzuk ere bai, herriko kultur eragileren bat… Leire Artola alkatea ere bertan da. KoloreKultura proiektuaren jendaurreko aurkezpenera etorri dira guztiak.
Abenduan hasi ziren prestatzen. Hamaika bider egin dute, toki eta egoera ezberdinetan, baina jendaurrean sekula ez. Eta urduri daude. «Ez genuen pentsatzen horren urrutira iritsiko zenik», aitortu dute ikasleek. Baina arnasa sakon hartu eta badoaz aurrera, itzaletik argitara. Ikasleak izateari utzi eta dantzariak dira orain. Edo hobe esanda, narratzaileak. Ahoa zabaldu gabe harreman toxiko baten istorio bat taularatuko dute. «Oso garbi geneukan zein zen zabaldu nahi genuen mezua: genero indarkeriaren aurkako eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitzaren aldeko mezu bat erakutsi nahi genuen, dantzaren bidez». Koreografia Oihane Vicente dantzariarekin landu dute. «Emakumeek indarkeria jasaten dutenean zer sentitzen duten irudikatu nahi izan dugu», diote. «Gorputz adierazpenaren bidez, ikusleak indarkeria sufritzen duten emakume horien larruan jarri nahi izan ditugu». Lurrean eta ilunpetan hasi dira, kolorerik gabeko zapiekin; argitan, zutik eta koloretako zapiekin amaitu dute saioa. Atzean utzi dituzte indarkeriaren garai ilunak. Publikoaren txalo artean, lasaiago.
Melodia Aitor Furundarena musikariarekin sortu dute. Kontraste handiko melodia da, erritmo biziagoekin eta lasaiagoekin. Horrela harreman toxiko batean bizi diren gorabeherak jaso nahi izan dituztela azaldu dute.
Jokin Telleria margolariak ikusitakoarekin eta entzundakoarekin bi koadro marraztu ditu. Bata, Haika neska, jaiki hadi; bestea, Bai nagusia, nekatua naiz. Telleriak ere kontraste handiko koadroak egin ditu, kolore biziagoekin eta ilunagoekin. Itxaropena eta sufrimendua jaso ditu era honetara. Bietan jendea zapiekin dantzan agertzen da, ikasleen modura.
Garbiñe Irizar argazkilariak emaitza betikotu du. Ikasleekin argazki-sesio bat egin zuen Igartzan. «Jabetu ginen garrantzitsua zela egiten genuen pauso, keinu, begirada edo gorputz mugimendu bakoitza bisualki jasota gelditzea. Izan ere, harreman baten faseak islatu nahi izanez gero, beharrezkoa da mugimendu bakoitza ondo interpretatzeko bitartekoak jartzea. Eta horretarako argazkiak erabiltzea erabaki genuen». Argazki guztiak eta informazio osagarria ikasleek sortutako webgunean daude: kolorekultura.arteria.eus.
Proiektu saritua
KoloreKultura proiektuaren baitan arte diziplina ezberdinetako lau sortzaile elkartu dira. Ikasleei euren jardunaz ikasteko balio izan die. «Garbi genuen gizarte mailan eragin handia duen gai sozial bati buruzko lanketa egin nahi genuela. Baina aparteko kanpaina bat egin nahi genuen. Horregatik kultura eta arte-diziplina ezberdinak konbinatu ditugu», azaldu dute hamahiru-hamalau urteko ikasleek.
Ekimenak Arteria Fabrikaren bilatzailearen erabilera sustatzeko beka jaso zuen otsailean. «Diruaren zati bat ikasbidairako erabili nahi genuen, baina ez da posible izango», atsekabetu dira. Asier Zinkunegi Arteriako sustatzaileetako batek egitasmoaren aniztasuna nabarmendu du. «Ikasleak, irakasleak eta eskualdeko lau artista profesional ikusi ditugu, elkarlanean, indarkeria matxistaren erronkari aurre egiten. Pieza artistiko garaikide bat sortu dute erantzun bezala».