CAFeko Akziodunen Batzarra dela eta, protesta egingo dute
CAFeko atarian elkarretaratzea egingo dute bihar, 12:00tan, Israelek kolonia ilegalak lotuko dituen Jerusalemgo tranbia eraikitzeko eskariari uko egiteko eskatzeko. CAFeko Akziodunen Batzarra egingo dute aldi berean
CAF. Jaitsi Zaitez Israelen Apatrheidaren Trenetik koalizioan artikulatutako hainbat herri-eragilek elkarretaratzea deitu dute biharko. Porterian elkartuko dira, 12:00etan. CAFeko Akziodunen Batzarra egingo da ordu berean. Antolatzaileek zuzendaritzari presio egin nahi diote, Jerusalem hiriko tranbiaren proiektuan parte-hartu ez dezan.
Tranbiak Israelek Palestinako lurretan eraikitako koloniak lotuko ditu. Kolonia hauek legez kanpokoak dira, eta CAFi konplize ez izateko eskatzen diote. Gainera, koalizioak CAFi gogorarazi dio enpresaren kode deontologikoak debekatu egiten duela halako proiektuetan parte hartzea, «edozein jarduera legeekiko, giza eskubideekiko eta askatasun publikoekiko erabateko begirunearekin» egin behar dela zehazten baitu.
Zuzendaritzari karta bidez ere helarazi diete mezua. Arantza Tapiari, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuari, eta María Ainhoa Ondarzabal Izaguirreri, Eusko Jaurlaritzako Enpresak Nazioartekotzeko Agentziako zuzendariari, ere idatzi diete, Eusko Jaurlaritza CAFeko akziodunetako bat da-eta. Herritarren ordezkari gisa duten boterea erabiltzeko eskatu diete eta proiektua bertan behera uzteko.
Europatik CAFi boikota egiteko kanpaina bat abiatu dute beste zenbait eragilek. Norvegian, esaterako, herrialdeko sindikatuen konferentziara batutako zortzi sindikatuk bertako enpresei eskatu dite CAFekin dituzten harremanak apurtzeko. Besteak beste, CAF Oslo hiriburuko tranbiaren ekoizlea da eta Euromaint konpainia bereganatu zuen duela bi urte.
Babes zabala
CAF utzi apartheidaren trena manifestua Euskal Herriko 75 alderdi, sindikatu eta elkartek babestu zuten. Alternatiba, Sortu, Euskadiko eta Nafarroako Podemos, Ezker Anitza-IU, PCE, ELA, LAB, CCOO Euskadi, ESK, Steilas, CGT-LKN, EHNE, Ernai, Gazte Koordinadora Sozialista, Ikasle Abertzaleak, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Ekologistak Martxan, Askapena, Kakitzat, Komite Internazionalistak, Sare Antifaxista, Mugarik Gabe… elkarteek eman zioten babesa.