«E-sportsak gelditzeko etorri dira»
Ore esports bideo-joko zaleak elkartzeko plaza birtual bat da. Askotariko txapelketak antolatzen dituzte, besteak beste, sarean. Unai Mutiloa (Beasain, 1994) dabil tartean.
Zer da Ore esports?
Bideo-jokoen komunitate bat da. Bertan, jolastu nahi duten pertsonei espazio bat eskaintzen diegu. Horretarako, txapelketak eta bestelako jarduerak antolatzen ditugu. Baina denak ez dira lehiaketak. Hau da, batzuetan sariak daude eta beste batzuetan, ez. Partida soilak ere antolatzen ditugu eta jokalariak denbora pasa batzen dira.
Noizko lehen txapelketa?
Aste honetan aterako dugu lehen torneorako inskripzioa.
Zein bideo-jokoekin egingo dituzue lehiaketak?
Call of duty, League of legends, Valorant, Rocket league, Fornite, Fifa 21… Gurea lehia gehiago duten bideo-jokoetara bideratuta dago, lehiaketak egiteko aproposagoak direlako.
Nolatan murgildu zinen mundu honetan? Bideo-joko zalea izan beharra dago?
Zeozer izan beharra dago. Azken finean, hiztegi teknikoa erabiltzen dugu eta ibiltzeko ohiturarik ez baduzu ez duzu ezer ulertuko. Ni proiektua hasita zegoela sartu nintzen, Jon Bautista Realeko jokalariaren lehengusuarekin harremana nuelako. Bautista da Ore esportseko sortzaileetako bat. Bien artean beste proiektu bat dugu, ikus-entzunezko ekoiztetxe bat, eta hortik egin nuen salto.
Goierrin badago bideo jokoetan aritzeko zaletasuna?
Baietz esango nuke. Nire inguruan, behintzat, kuadrillan-eta, askok jokatzen dute. Eta ez Goierrin bakarrik. 13 eta 33 urte bitarteko gazteek badutela jokatzeko ohitura esango nuke. Noski, ez denek bideo-joko berdinetara. Azken finean, sekulako eskaintza dago.
Bide-jokoak haurrekin eta nerabeekin lotzen dira, baina uste okerra al da? Helduagoak ere ibiltzen dira?
Gure datuen arabera, Play 1arekin hasi zirenetako batzuk duela 27 urte kaleratu zuen Play station 1a Nintendok oraindik jolasten jarraitzen dute. 30 urtetik gorako jendea, seme-alabak dituena, eta elkarrekin jolasten dutenak, zaletasuna konpartitzen dutelako. Asko ere joan egingo ziren, normala da.
Eta, emakumezkoek? Jolasten dute?
Askoz mutil gehiago daude neskak baino, hori seguru. Lehen kontsolak mutilei bideratutakoak izan ziren eta gehiago interesatu ziren, hortaz. Halere, azken urteetan gora egin du neska kopuruak. Baina esango nuke mutilak baino gazteagoak izan ohi direla. Hau da, ez daudela horrenbeste emakumezko heldu jolasten dutenak.
Bideo-jokoek ospe txarra ere izan ohi dute.
Gauza on asko ere badituzte. Jendea bakartu egiten duela esaten da, baina erlazionatzeko balio dute, adibidez. Munduko beste edonorekin jokatu dezakezu, eta aurrez aurrekoan harremanak egiteko zailtasunak izanagatik, lagun berriak egin ditzakezu.
Internetak aldaketa handia ekarri zuen bideo-jokoetara. Bakoitzak bere kaxa jokatzetik mundu osora zabaldu zen.
Internetak bideo-jokoen zabalkundeari ikaragarri lagundu dio. Aukera berriak ekarri ditu, txapelketak adibidez. Zerbait lehiakorra bada, jendea erakarri egiten du. Eta sariak badaude, are gehiago. Sariak geroz eta potoloagoak dira, e-sports munduan enpresa potenteak ari direlako sartzen. Diru asko mugitzen duen sektore bat da.
Enpresak interesatuta daude Internetari esker ikusgarritasuna ere geroz eta handiagoa delako. Twitch, Discord… Partidak ikusteko plataforma digitalak dira. Begira Ibai Llanos. E-sportsak komentatzen hasi zen eta orain eragin handienetakoa duen pertsonetako bat da. Bideo-jokoetan ibiltzen ez den jendeak ere ezagutzen du.
Eta pandemiak zer nolako eragina izan du?
Lagundu egin dio, dudarik gabe. Etxean egon beharra zegoen eta txapelketetan jokalariak euren etxeetan daudenez, oso denbora-pasa aproposa zen. Joko askok sekulako garrantzia hartu zuten. Call of dutyren azkena, Warzone, justu martxoan atera zuten, itxialdia hasi baina egun batzuk lehenago. Sekulako arrakasta izan zuen. Nik, adibidez, orduak eta orduak bota nituen.
E-sportsak moda bat dira?
E-sportsak gelditzeko etorri dira. Sartu diren enpresak ez dira berehalakoan eroriko.
Kirol tradizionalen txapelketak bideo-jokoenengatik aldatuko dira?
Haurren artean galdetuko bagenu handitan zer izan nahi duten, batek baino gehiagok esango du e-sportseko jokalari. Nire garaian, denok futbolista izan nahi genuen.
Aisialdi ohiturak aldatuko ditu?
Telebista tradizionala jan egingo du. Urte gutxitan sekulako garapena izan dute e-sports txapelketek, eta gehiagora joango da.
Euskarari ere tokia egin diozue.
Bideo-jokoen munduan euskararen sustatzaileetako batzuk izango gara, lehiaketak euskaraz eta gaztelaniaz egingo ditugulako. Esango nuke Euskal Herriko komunitate bakarra garela. Halere, kontua da bideo-jokoak euskaraz ez daudela, eta guk ez ditugu bideo-jokoak ekoizten.