Autobidearen ordainsaria jartzearen aurka, errepide zaharretik auto ilara
A636 Peajerik Ez plataformak deitutako protesta ekitaldiarekin AP8 Peajerik Ez plataformakoek, Hiru garraiolari elkarteak eta herritarrek egin dute bat. Goierri Urretxutik Beasainera zeharkatu dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak A-636 autobidean (Beasain-Durango) ordainketa sistema jartzeko duen asmoaren aurka errepidera atera dira gaur hainbat elkargo eta herritar. Auto karabana egin dute 40 bat ibilgailuk, Urretxutik Beasainera joan-etorrian, Gi-2632 errepide zaharretik. Hain justu, autobidea ordainpekoa izateak zirkulazioaren zama lehengo errepideak bereganatuko duela irudikatu dute, bidean dauden herriei kalte eginez.
A636 Peajerik Ez plataformak deitutako protestara AP8 Peajerik Ez plataformako kideak, Hiru garraiolari elkartekoak eta hainbat herritar, auto partikularretan, batu dira. Urretxuko Mugitegi industrialdean 11:00etan elkartu, eta Urretxuko eta Zumarragako kaleetatik behera, Ezkio, Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegi zeharkatu dituzte, errepide zaharretik. Beasainenbuelta hartu, eta atzera gorantz egin dute bide bera, gero Bergararaino joan-etorria egiteko.
Herritarrei “lapurreta” egitea eta “gezurra” esatea egotzi die A-636 Peajerik Ez plataformak. “Gezurra esan digute, esanez Europak inposatzen duen bidesaria zela eta lurralde-kohesioagatik egiten zela. Egia esan, bidesaria eta haren baldintzak honako banku-erakunde hauek ezarri dituzte, aldundiak eskatu zuen maileguan: BBVA, Santander, Sabadell, Banco Popular, Bankinter, Banoka, Abanca eta Caixabankek”, salatu dute.
Herritarrak zorren pagaburu, eta alkateei erantzukizuna
Europaren eskakizuna ez, baizik aldundiak duen “zor handia” ordaintzeko Goierriko eta Debagoieneko “ikasleei eta langileei” ordainaraziko zaiena da bidesaria, protestarien iritziz.”Gure politikariei berdin zaie beste errepide alternatibo bat gutxieneko baldintzetan ez edukitzea, berdin zaie bide-segurtasuna, kutsadura eta herrietara trafikoa desbideratzea. Alderdi ezberdinetako batzarkideek ez zuten errepide zaharra ezagutzen”.
Eskualdeko errealitatea “ezagutu gabe” hartu dutela erabakia deitoratu dute. “Behar bada, berdin zaielako. Ez zaie axola. Bankuekiko zorra ordaindu egin behar da, eta uste dute hobe dela pisu demografiko eta boto gutxiagoko eskualde horietan ordaintzea”.
Alkateak ere seinalatu dituzte. Plataformakoen kalkuluen arabera, autobidearen erabiltzaile bati 380 euroko kostu gehigarria suposatuko dio A-636ko bidesariak, lehenengo urtean. “”EAJko eta PSOEko alkateak neurri horren alde agertu dira argi eta garbi, nahiz eta jakin kalte ekonomiko larria izango dela udalerrietako langile eta ikasleentzat”. Merkataritza eta industria jarduerak ere “ahuldu” egingo direla aurreratu dute. “Hala ere, gure alkateek interes pertsonalak (kartera, alderdi barruko estatusa, aulkia mantentzea) lehenetsi dute, hatz bat alderdien aurka eta herritarren alde mugitu baino lehen”.
ARGAZKIAK: Auto karabana prestatzen, Urretxun (Ariane Vierbücher). Ormaiztegin pasatzen (Aimar Maiz)