Aizpeako labeak eta Errotatxo bisitatu ditu Denis Itxasok
Zeraingo Amaia Junquera eta Mutiloako Iñaki Ugalde alkateek aurkeztu dituzte proiektuak. Espainiako estatuko finantzaketa jaso dute udalerriek
Espainiako Gobernuaren ordezkariak, Denis Itxasok, Zerain eta Mutiloa bisitatu ditu bi herri horietan egiten ari diren proiektuak ezagutzeko: Aizpeako labeen egonkortzea Zerainen eta Errotatxoko etxe multzoaren zaharberritzea Mutiloan. Bi proiektuetarako Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren diru laguntza jaso dute udalek. Amaia Junquera Zeraingo alkateak aurkeztu ditu lehenengo proiektuaren ezaugarriak udaletxean, eta bertatik meatzetara abiatu dira. Ondoren, Mutiloara joan dira, eta bertan Iñaki Ugalde alkateak eman ditu Errotatxoren inguruko azalpenak.
Zeraingo proiektuak fase desberdinak izan ditu, eta azken hamarkadetan meatzetako ingurua eta azpiegiturak berritu ditu udalak. Orain labeak egonkortzeko lanetan dabiltza. Maiatzean hasi ziren, Teusa enpresak gidatuta, eta sei hilabeteko iraupena izango dute. Espainiako Sustapen Ministerioko zein Eusko Jaurlaritzako diru laguntza jaso du Zeraingo Udalak proiekturako. «Guretzat oso inportantea izan da, herri txikia gara eta ezinezkoa izango litzateke diru laguntzarik gabe; pozgarria da nola doan ikustea», agertu du Amaia Junquera alkateak.
Ondarea ezagutzeko
Espainiako Gobernuaren laguntza ekonomikoa %1,5 kulturala programaren bidez bideratu dute Zeraingo zein Mutiloako proiektuetan. «Jarduera industrial baten aztarnak dira eta bideratutako diru laguntza oso justifikatuta dago halako eskualde eta herri batentzat erakargarritasun faktorea delako», esan du Denis Itxasok.
Egun batetik bestera utzi zioten meatzeak ustiatzeari XX. mendean eta minerala daukate barruan labeek. Euskal Herriko Unibertsitateak ikerketa petrologikoa egingo du kaltzinazio prozesua aztertzeko. Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura diputatuak esan duenez, «kulturalki eta ondarearen aldetik balioan ipiniko du» aldundiak proiektua hurrengo faseetan. 725.000 euroko aurrekontu osoaren %75 estaltzeko laguntza jaso du Zeraingo Udalak Espainiako Gobernutik.
Etxe pasiboa
Errotatxo etxeko proiekturako, berriz, 340.000 euroko aurrekontu osoaren %55 lortu du Mutiloako Udalak Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministeriotik, eta Eusko Jaurlaritzatik 120.000 euroko laguntza. 2014an egin zuten proiektuko lehenengo fasea teilatuak eta paretak egonkortuta, eta azaroan hasi ziren bigarren fasearekin, passive house arkitektura ereduan oinarrituta, kalitate termiko handiko material isolatzaileak eta tenperatura erregulatzeko aireztapen sistema bereziak erabiliz.
Eraikina hainbat jarduera egiteko erabiltzea aurreikusi du Mutiloako Udalak: turismo informazioa zabaltzeko, kultur jarduerak egiteko edota herri batzarra egiteko. Errota erakusgai jarriko dute, eta harrizko labea ogia egiteko erabilgarri izateko berrituko dute.