Unai Aznar nafarra eta Iker Eskibel gipuzkoarra, Ataunen tituludun
Euskadiko Txapelketa irabazi dute 23 urtez azpikoetan eta elitean. San Martin Proba gazteek menperatu dute. Seguran, Nicolas Alustiza berriro garaile, juniorren karreran
Goi mailako txirrindularitza asteburua izan da Goierrin, etorkizuneko euskal tropeleko promesak ikusteko aukera paregabea. Ataunen, 56. San Martin Proban ebatzi dira aurten ere Euskadiko Txapelketak, afizionatuetako bi mailetan. Lizarte taldeko Unai Aznarrek (Cortes, Nafarroa, 2002) irabazi du etapa, eta harentzat izan da 23 urtepekoen txapela. Lehen laurak kategoria horretakoak sailkatu dira. Elite mailan, Oreka taldeko Iker Eskibelek (Eskoriatza, 1993) jantzi du Euskadiko txapela.
Iazko etena gaindituta, San Martin Proba eskola aldera eraman zuten, igandean. «Berezia izan da herritik kanpora atera beharra izana, Covid arauak betetzeko. Baina dena ondo atera da. Pena, helmugan jenderik gabe izatea», azaldu du Agauntza elkarteko Santi Osorok.
Seigarren aldiz antolatu dute Euskadiko Txapelketa Ataunen, 2006, 2009, 2013, 2014 eta 2015ekoen ondotik. «Data egokian dago San Martin Proba, Gipuzkoako Txapelketa jokatuta, eta gero Espainiakoa datorrela». Okasioari dagokion etapa zuten, 127 kilometrokoa, gogorra. Urkillagan igoera bakarra jarri dute, ohiko bien partez, errepidea ez dagoelako ondo.
Lazkaomendi epaile
Partaidetza ona izan da, baina hutsuneak sumatuta. Euskal Herriko afizionatuetako bi talde goren, Laboral Kutxa eta Caja Rural, Italiako Girinoan dira.
Urkillagan hautsi zen aurrena tropela, baina bat egitea lortu zuten. Zaldibiatik gora, Lazkaomendiko azken maldan erabaki zen, aurreikusi bezala. Esprinterako iritsi ziren lehen hirurek han jo zuten aurrera.
Aznarren ondotik, Ailetz Lasa (Laboral) eta Joseba Lopez (Eulen) iritsi dira, denak 23pekoak. Elitean, Eskibelekin podiuma Mikel Mujikak (C.Rural) eta Patxi Plazaolak (OTXE) osatu dute.
Seguran, Nicolas Alustiza
Larunbatean, Seguran, juniorren San Joan Saria Nicolas Alustiza zumarragarrak (Bellota-Goierri) irabazi zuen. 28 segundoko aldea atera zion helmugan Imanol Aceñari (Iridoi), eta 1:13 Mikel Untzillari (Albeniz). 129 txirrindulari irten ziren, 83 kilometroko proban.
Eguneko ihesaldia eta Aizkorpeko bideen ezagutza baliatu ditu Alustizak. Sei lagunen taldetxoan sartu zen buruan, eta, Zeraingo azken igoeran hirura murriztuta, Mutiloako Ergoenen eta Liernin jo zuen hordagoa. Laugarren garaipena du, Aizkorrondoan hilabetean 3.a.