Azkoitia-Urretxu errepidea zabaltzeko lanak hasi dira
Helburua GI-631 errepidea seguruagoa eta erosoagoa izatea da. Aizpurutxotik gertu hirugarren errei bat egiten hasi dira, aurreratzeko aukera egon dadin
Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo hasi zituen GI-631 (Azkoitia-Urretxu) errepidea hobetzeko lanen bigarren fasea. 7.760.000 euroko aurrekontua du eta 15 hilabeteko iraupena izango du. Errepidearen trazadura hobetu eta errepidea zabaldu egingo da. Bi udalerrien arteko ibilbidearen erdian, Aizpurutxo auzotik gertu, 1,3 kilometroko tarte batean, errepideak hiru errei izango ditu.
Helburua segurtasuna eta erosotasuna handitzea da. Hiru erreiko tarte horretan Urretxura doazenek eta Azkoitira doazenek aurreratzeko tarte seguru bana izango dute. Errepide hori 3.300 ibilgailuk baino gehiagok erabiltzen dute egunero eta %10 ibilgailu astunak dira.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Azkoitiko eta Urretxuko alkateek, Javier Zubizarretak eta Jon Luquik, prentsaurrekoa egin zuten atzo, obraren hasiera dela eta. Oiarbidek obra hau aldundiaren proiektu estrategikoetako bat dela esan zuen. «Errepide horrek dituen 13 kilometroak oso garrantzitsuak dira erabiltzen duten milaka gidarientzat, bai Zumarragako ospitalera joateko, bai Gipuzkoako gaitasun handiko biribilgunearekin konektatzeko».
Obrari esker, joan-etorri horiek seguruagoak eta erosoagoak izango direla aurreratu zuen. «Errepide sare erosoa, modernoa eta segurua izatea ere funtsezkoa da gure enpresentzat eta egunero lantokietara joaten diren langile guztientzat».
GI-631 errepidea hobetzeko proiektuak 45,5 milioiko aurrekontua du. Obrak 2020an hasi ziren, Aizpurutxo auzoko zeharbidea hobetzeko lanekin. Aurrerago,beste bi puntutan hirugarren erreia egingo da.