Eskubaloia bizigai 25 urtean
Herri mailako kirolari emandako jende andanaren artean, Mikel Larrañaga 'Larra' eskubaloi jokalari beasaindarrarena da adibide bat. Mutikotan hasitako bidea 40 urterekin bukatu du.
Egun berezia izan zuen Mikel Larrañaga Larra-k (Beasain, 1981) maiatzaren 29a. Ehunka aldiz bezala, Ormaiztegiko Zubipe kiroldegira, zuri-berdez jantzita, «asko» maite duen eskubaloiaren abarora joan zen. Baina azken partida izatearen pisuarekin. 25 urte aritu da jokatzen, hainbat taldetan. Gehien, Ormaiztegiko OKEn. Hango taldekideek, Eibarko taldekoek eta ibilbidean egindako lagun ugarik omenaldia egin zioten. Txapela, makila, eta kantxatik bizkarrean irteera, familiakoek eta etxekoek inguratuta.
Maila herrikoian eta amateurrean hamaika izan dira talde edo kirol bati luzaro eskaini zaizkionak. Arrastoa utzi du Larra-k ordea, eta belaunaldi askoren transmisio-katea izan da.
Beasaingo BKLn hasi zen eskubaloian, 15 urterekin, kadeteen 2. urtean. Lau urte han, seniorretara arte, eta Ormaiztegira iritsi zen 19rekin, 2000n. Gipuzkoako Lurraldekoan bi urte, eta 2. Nazionalean (EAE mailako liga) beste bi jokatu zuen. Lehen aroa besterik ez zen.
Deba bailarara
Jokalari azkarra, teknikoa eta ausarta, gorago probatu zuen. Elgoibarren bi urte aritu zen, eta 1. Nazionalera igotzea lortu arren, klubak ez zuen taldea atera. Eibarko Arratera joan zen, bigarren taldera. «Lau urte haietan asko ikasi eta gozatu nuen. Dedikazio handia eskaini nion eskubaloiari». Anaiarekin batera ibili zen han. Lehen taldean ere debutatu zuen, Asobaleko Valladoliden aurka. «Bidasoan atezain mitiko izandako Tomas Svensson zegoen Valladoliden, eta gol bat sartu nion. Historikoa izan zen niretzat», dio Larrañagak.
Aukera handiagoen ordez, zoriak Arrate klubaren desagerpena ezagutzea ekarri zion, zor ekonomikoek jota. Eibar Eskubaloia sortu zuten, baina behetik hasi beharra zeukanez, Arrasaten jokatu zuen bien bitarteko urtea, 2. Nazionala irabaziz.
Azken gozamena, etxean
Eibarko 8 urteko aroa bukatuta, 2015ean atzera «etxera» itzuli zen, Ormaiztegira. Harrezkero, harrobiaren maisuetako bat izan da. Lurraldekoan igoera fasera sailkatuta, OKEk ez du lortu berriro 2. Nazionalera igotzea. «Baina taldeak gora egin du. Asko eskertzen diot OKEri berriz aukera eman izana».
Bidean egindako lagunak, Imanol Alvarez, Fernando Fernandez eta Iñaki Apaolaza OKEko entrenatzailea ditu gogoan. 40 urtera bidean, bi umeko familia eta belaunetako bi ebakuntzarekin, «jada ez da berdina».
«Bukatzen jakin behar da». Eta nola bukatu. Eskubaloi maitatua txaloka duela erretiratu da.