Kultura, gure gizartea babesten duen aterkia
Urretxuko eta Zumarragako kultur mugimenduaz kezkatuta dauden hainbat herritarrek Kultur Aterkia egitasmoa sortu dute. Ostiralean aurkezpena egin zuten eta bi herrietako kaleak artelanez josi dituzte.
Kultura, gizartea ezjakintasunetik eta intolerantziatik babesten dituen aterkia da. Egunotan Urretxuko eta Zumarragako kalteak aterkiz josita ageri dira. Bi herrietako artistek Kultur Aterkia taldeak eskatuta egindako artelanak dira.
Proiektu hau bi herrietako kultur mugimenduaz kezkaturik dauden hainbat urretxuarrek eta zumarragarrek sortu dute. Ostiralean aurkeztu zuten, Zumarragako plazan.
Egitasmo honen helburua herriko kultur mugimendua biziberritzea da, kaleak berreskuratzea. Gorka Ojangurenek manifestua irakurri zuen, grafitilariek eta bertsolariek bat-bateko saioak egin zituzten eta herriko artisten lanak ikusteko aukera egon zen. Artistek beraien lanari buruzko azalpenak eman zituzten eta aurkezpenean bildutako herritarrek beraiekin hitz egiteko aukera eduki zuten.
Kultur Aterkia egitasmoak webgunea ere badu, Gattiken herriko enpresak egina: kulturaterkia.eus webgunean herriko artisten lanez eta artisten azalpenez goza daiteke.
Gainera, artisten lanak bi herrietako kaleetan ere ikus daitezke. Ondoan duten QR kodeen bidez, egitasmoan parte hartzen duten artistei eta lanei buruzko informazioa eskura daiteke.
Horra hor egitasmoan parte hartzen duten artistak: Gorka Ojanguren, Klak!son, Begoña Idiakez, Javi Alonso, bertso eskola, Koldo Cadierno, Ramon Sanchez, Julen Etxezarreta, Josu Maroto, Bere, Aitor Goia, Uxuri Urrate, Mariñe Arbeo, Rosa Santos, Saioa Arin eta Eider Amondarain, Fits, Andoni Berriotxoa, Txost! eta Maite Arbonies.
Kultur Aterkia egitasmoko kideak gustura ageri dira orain arte jasotako erantzunarekin. «Balorazioa oso positiboa da. Ostiralean jende asko hurbildu zen Zumarragako plazara eta herritar askok zoriondu egin gaituzte bi herrietako artisten lanak bi herrietako kaleetan erakusteagatik. Kaleetan kolore pixka bat falta zela eta artisten lanek kaleei kolorea eman dietela esan digute», aipatu du Mikel Antia Kultur Aterkia egitasmoko kideak.
Herritarrei artelanak errespetatzeko eskatu diete. Dagoeneko obraren bat desagertu da, baina ia guztiek bere tokian eta egoera onean jarraitzen dutela esan behar da.
Bestalde, egitasmoko ateak Urretxuko eta Zumarragako gainontzeko artistei zabalik daudela gogoratu dute. «Hasteko, gure gertukoei luzatu genien gonbita. Baina Urretxun eta Zumarragan artista asko daude eta denek parte hartzea gustatuko litzaiguke, noski».
Joan zen ostiraleko aurkezpenak eta kale erakusketak lan handia eman die, baina lanerako gogo handia dute eta aurki emango dute hurrengo ekimenen berri.