Parkeak ezagutu eta bizi
Larunbatean herritarrek parte hartzeko hiru jarduera desberdin egongo dira. Parkeetan hobekuntzak egiteko irizpideak zehaztuko dituzte egindako diagnositik
Parkeak bizi eguna egingo dute Ordizian, larunbatean, hilak 12, aisirako eta jolaserako parke sarea definitzeko prozesuaren barruan. Maitane Alvarez alkateordeak eta Itsaso Larramendi Tipi Gara Kooperatibako kideak eman dituzte xehetasun guztiak, eta bide batez, herritar guztiei dei egin diete, larunbatean parte hartzera anima daitezen.
Ordiziako parke sarea eraberritzeko, herritarren parte hartzea funtsezkoa da udalarentzat. Horrela adierazi du Alvarez alkarteordeak: «Guretzako bereziki garrantzitsua da herritarrekin batera herriko parke sarea osatzeko urratsak ematea. Parke ezberdinetan hobekuntzak egiteko irizpideak zehaztuko ditugu, egindako diagnositik, eta parke bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz. Horregatik dei egiten diegu ordiziarrei, larunbatean egingo diren ekimenetan parte hartzeko, iritziak ezinbestekoak direlako».
Parte hartu nahi dutenek, ostirala, ekainak 11, arte dute izena emateko, itsaso@tipigara.com epostara idatzita, edo 656 704 801 telefono zenbakira deituta. Jardueraren izena, norberaren izen-abizenak, eta gaztetxoen kasuan, adina azaldu beharko dira.
Hiru espazio
Parkeak bizi egunean hiru jarduera egingo dira. Parkez parke, ibilbide parte hartzailea deiturikoan, ibilbide bat egingo da herriko parke, plaza eta txoko ezberdinez hausnartzeko eta hobekuntzarako proposamenak egiteko. Herritar orori zuzenduta dago. Nikolas Lekuona Plazatik abiatuko dira 10:00etan, eta 12:00ak arte iraungo du.
Altxorraren bila izenekoan, Ordiziako txoko ezkutu batean gordetako altxorra bilatu beharko da, pistak jarraitu eta frogak gaindituz. Ingurua esploratu, eta jolasteko beste modu batzuk praktikan jarriko dituzte. 7 eta 12 urte bitarteko haurrei dago zuzendua jarduera hori, eta Elefante parkean egingo da, 12:00etatik 13:30era.
Hirugarrena, Majori hackeatzera goaz! deitu dute, eta partaideek, Majori plaza hartuko dute. Bertan, elementu desberdinak eraikiko dituzte ingurua hobetzeko helburuz. Jarduera, 12 urtetik gorako gaztetxoentzat da. Majori plazan, 12:00etatik 13:30era egingo dute.
Sei hilabeteetako lana
2020 urteko abenduan aurkeztu zuen Ordiziako Udalak, tokiko parke sarea eraberritzeko asmoa, parke sarearen egitura orokorra, parke bakoitzaren izaera eta diseinurako irizpideak, eta sarearen barruan egongo diren parkeen arteko konexioak eta ibilbideak kontuan hartuko dituen parte hartze prozesua martxan jarriz.
Hurrengo hilabeteetan, urratsez urrats, prozesuaren hiru faseetako bi egin dira. Lehen fasean, diagnostikoa egin zen. Herriko gaztetxoekin bi lan saio egin ziren, haien beharrak identifikatzeko. Online inkesta bat ere egin zen, parkeen erabilera ohiturak, indarguneak eta gabeziak detektatzeko.
Bigarren fasean, auzo desberdinetako bizilagunen ekarpenak jasotzeko lan saio bat egin zen, herriko parke bakoitzaren izaera zehaztu, eta guneen arteko desberdintasunetan eta osagarritasunean sakontzeko balio izan zuena.