Aire libreko pintura lehiaketa egingo dute hilaren 19an
Ekainaren 19an egingo dute, Urretxuko eta Zumarragako kaleetan. Hilaren 11rako eman behar da izena.
Urretxuko eta Zumarragako udaletako Kultura batzordeek 12. aire libreko pintura lehiaketa antolatu dute ekainaren 19rako.
Edozeinek parte hartu ahal izango du eta bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du. Parte hartzeko, ezinbestekoa da ekainaren 11 baino lehenago ematea izena, honako datuekin: izen-abizenak, helbidea, posta elektroniko helbidea eta telefonoa. Urretxuko kultur etxearen kulturetxe.ur@urretxu.eus helbide elektronikora mezua bidalita eman behar da izena.
Lanak lehiaketa egunean bertan egin beharko dira Urretxuko eta Zumarragako kaleetan. Lanen neurria gehienez 1×0,81 metrokoa izango da. Teknika librea izango da. Lanak egiterakoan edozein oinarri erabili ahal izango da, baina lana euskarri gogor batean jarri beharko da aurkeztu aurretik. Lanak egiteko beharrezko tresna guztiak egileek eraman beharko dituzte. Erabiliko diren euskarriak Urretxuko kultur etxeko sarreran zigilatuko dira lehiaketa egunean, 09:30etik 10:30era. Euskarriak aurretik prestatuta eraman ahal izango dira, baina ez da onartuko inolako marrazki edo marra aztarnarik duenik.
Lanak Urretxuko kultur etxeko sarreran aurkeztu beharko dira, lehiaketa egunean, 13:00etatik 13:30era. Irabazleak 600 euro eta garaikurra jasoko ditu. Bigarren saria 400 eurokoa izango da. Herriko artista onenak 250 euro eta garaikurra jasoko ditu. 16 urtetik beherako gaztetxoek ere sariak jasoko dituzte, noski: beraien artean bi material lote zozkatuko dira.