Urkiola karrozeriaren orubean egingo dute gasolindegi berria
Euskadi Low Cost enpresak irekiko du. Sei gasolindegi dituen enpresa honek bere egoitza soziala Urretxura ekarriko du. Urretxuko lehen gasolindegia izango da

Euskadi Low Cost enpresak Urkiola karrozeriaren lursaila erosi du (1.220 metro koadro, Sarralde eta Irimo enpresen artean). Bertan gasolindegi bat irekiko du. Urretxuko historiako lehena izango da.
Euskadi Low Cost enpresa 2014an sortu zen. Sei gasolindegi ditu Araban eta Bizkaian (Gasteiz, Basauri, Gordexola, Berriz, Lemoa eta Ortuellan) eta hurrengo hilabeteetan bi irekiko ditu Gipuzkoan. Enpresaren egoitza soziala Bizkaian dago, baina Urretxura ekarri behar dute.
Urretxuko gasolindegian auto elektrikoak kargatzeko puntua, gasarekin dabiltzan autoentzako puntua, gasolindegi arrunta, autoak garbitzeko gunea, denda eta enpresaren bulego nagusiak egongo dira.
Ingurumena
Euskadi Low Cost enpresa ingurumena errespetatzen saiatuko da: plaka fotovoltaikoak jarriko ditu Urretxuko gasolindegiak beharrezkoa duen energia lortzeko eta gasolina eta gasolioa baino energia iturri garbiagoak erabiltzen dituzten autoentzako guneak izango ditu.
Gasolindegia eguneko 24 orduetan zabalik egongo da, urteko 365 egunetan. Egitasmo honen eskutik, hainbat lanpostu sortuko dira Urretxun.
Aurki lursaila garbitzeari ekingo diote eta 8-10 hilabete barru gasolindegia eraikitzeko lanak hasiko dira.
Urretxuko Udala gogor lan egiten ari da herriko sarrera txukuntzeko eta hau pauso garrantzitsua izango da. Pixkanaka, inguru degradatu hori gune industrial urbanizatu bat bilakatzeko pausoak ematen ari dira. Telleria enpresak Irimo enpresaren lursaila erosi zuen eta pabiloi zaharrak bota ondoren, 6.000 metro koadro inguruko lantegi modernoa eraikiko du.
Bestalde, Sprilur sozietate publikoak Sarralde enpresaren lursaila erosi zion udalari. Lursaila garbitzen dutenean, Sprilurrek lursailak behar dituzten enpresei eskainiko die orube hori.
Kontuan izan behar da Urretxuko sarrera oso ondo komunikatua dagoela. Zumarragako geltoki intermodala eta N-1 eta AP-1 errepideak lotzen dituen A-636 autobidearen sarrera ondoan ditu.