Hemengo lehen onddoak eta gibelurdinak
Mahai gainetan geroz eta udaberri udako produktu gehiago astetik astera. Bihar, plazaren estalpea inauguratu zela 96 urte.
Mikologia atalak zer esan ugari sortzen du. Eta parametro guztiak neurtzea zaila izanik bakoitzak bere uste eta sinesmenei buruz asko du esateko. Nonbait azken egunetako euriak on egin eta inguruetan sortu diren gibel urdin eta onddo batzuk plazaraino ekarri dituzte. Atzo Lasaren postuan hemengo 15 gibelurdin kilo 26 euroan kiloa eta beste hainbeste onddo prezio berean. Kanpotik inguratutako onddo gehiago ere bai, zizahori eta udaberriko zizekin batera.
Joan zen astean aipatzen genuen Caparrosotik (Nafarroa) zuzenean ekoizleek ekarriak hasi zirela kuiatxoak. Atzo Itsasokoak ere bai Eztala Goikoak, aire librekoak, lehenak ekarri zituen M. Jesus Oriak 3 euroan kiloa. Mahai berean baita baratxuri buru politak ere. Hemen nekez egiten zaie burua, herdoilak jotzea nahikoa normala baita, baina batzuk lortzen ditu M. Jesusek: «Etxeko hazitik ekarritakoak dira gainera, hauek lehortzen utzi eta gero urrian aleka erein, abenduan bigarren txanda». Gainerakoan aukeran aire librekoak: baba eta ilarra (garaian aurrera ia), udaberriko azak, tipulin sortak, borraja berriak, erremolatxak, eta asko ez izan arren brokoli, azalore edota romaneskuren bat edo beste ere bai eta negutegiko tomateak.
Azokara jendea erakartzeko ekimenen artean erosketa orgatxoen eta barazki loteen zozketa egiten da hamabostean behin. Atzo hauexek izan ziren sarituak: Ordiziako Mertxe Villar, M. Carmen Lopez, Belen Soto, Patrocinio Rodriguez, Maite Irastorza eta Zaldibiako Maribel Etxarri.
Plazako estalpeak 96 urte
Lanak eman zituen baina azkenean lortu zen. Patxi Garmendia Mendigarri jasoa da. 1908an Plaza Nagusia estaltzeko aukera aztertzen hasi ziren baina nahia bertan behera gelditu zen diru ezagatik.
1915ean bota zen plazan zegoen azken etxea, Pasiagota etxea. 1923an Francisco Gurrutxagak aurkeztutako proiektua onartua izan zen. 1924an eraikin lanak aurreratuta zeudenean, ez behar bezala eginak sobrare, plaza erdia erori zen. Azkenik, 1925ko ekainaren 11n inauguratu zen gaur egun Ordiziako ikonoa bilakatu den plazako estalpe handia.