Igor Urzelai oholtzara itzuliko da 'Idiot-syncrasy' eta 'Beat' ikuskizunekin
Asteazkenean Italiako bira hasiko du. Abuztuan Donostiara etorriko da, musika hamabostaldian. «Urte eta erdi aktuaziorik gabe egon eta gero, hasteko irrikan» dagoela aitortu du
Igor Urzelaik azken entseguak ditu. Datorren astean jendaurrean arituko da berriz, pandemiaren ondorioz urte eta erdiko geldialdiaren ondoren. «Hasteko irrikan nago, oso gogotsu», aitortu du. Ekainean zehar Italia iparraldeko hiri nagusienetan bira egingo du Beat ikuskizunarekin; abuztuan Donostian izango da, musika hamabostaldian, Idiot-Syncrasy ikuskizunarekin. «Donostian ez dut inoiz dantzatu. Gipuzkoan soilik Beasainen aritu naiz, 2013. urtean. Aspalditik nuen gogoa bertan aritzeko».
Idiot-syncrasy garaiotarako ikuskizun «oso aproposa» dela dio. «Oso lan optimista da. Erresilientziaren eta pertseberantziaren inguruko lan bat da», zehaztu du. «Ia bi urte daramatzagu ikuskizun hau taularatu gabe. Musika hamabostaldikoekin zer egin aztertzen genbiltzala ikusi genuen hau proposatzea ona dela, ikusleari indarra ematen diolako. Ikuslea optimismoz kutsatu nahi dugu, berriro gauzak egiteko gogoa piztu». Ikuskizunean Sardiniako folk musika, euskara, ingelesa… nahasten dira, estetikoki minimalista den arren.
Beat ikuskizunean zeharka hartzen du parte. Oholtza gainean Margherita Elliot dantzaria eta Martha eta Anna Bolena dj-ak bakarrik egoten dira. Urzelaik zuzendari lanak egiten ditu, Moreno Solinasekin batera. «Idiot-syncrasyren aldean desberdina da. Psikodelikoagoa da. Baina optimista da. Oso lan indartsua», deskribatu du.
Ikuskizuna aurkeztu bezain pronto gelditu egin behar izan zuten. Aurtengo bira iaz egin behar zuten, esaterako. Berreskuratzea lortu dute, geldialdi batzuk erori egin zaizkien arren. Urzelaik dio ez direla garai errazak, egoera aldakorra delako.
Beasain, Londres, Sardinia
Azken hilabeteetan jendaurrean aritu ez den arren, Urzelai ez da geldirik egon. Entseatzen jarraitu du, atsedenik gabe. «Jendaurrean aritzearen adrenalina falta da. Beharbada, orain zuzenekoak inoiz baino hobeak izango dira. Gu eta publikoa inoiz baino gogotsuago egongo delako».
Itxialdiak Londresen harrapatu zuen. «Hamalau urtez bizi izan gara bertan. Guretzat oso hiri garrantzitsua da, baina Sardiniara lekualdatu gara. Brexita dela eta nahiago izan dugu Europara aldatu. Azken maletak hartzen harrapatu gintuen». Mugimendua berreskuratuta, dantzari ekingo diote ilusioa pizteko.