LGBT diagnostikoa egiteko prozesua martxan jarri du Legorretako Udalak
Zelai Amenabarro alkatearen esanetan, «LGBT herritarren eskubideak bermatuko diren agertoki batera iristea» da helburua. Herri txikien artean aitzindaria izango da
Legorretako Udalak, Berdintasun sailetik, LGTB+ komunitatearen inguruko diagnostikoa egiteko proiektua jarri du martxan. Zelai Amenabarro Legorretako alkateak, Zuriñe Rodriguez Sudergintza Kooperatiba Feministako ordezkariak eta Ibai Fresnedo Kooperatibako ordezkariak eman dituzte proiektuaren inguruko xehetasunak.
Orain arte, Errenterian, Gasteizen, Barakaldon,… egin dira LGTB+ diagnostikoak. Normalean ez dira herri txikietan egin, eta zentzu horretan, Legorreta aitzindaria izango da. Amenabarro herriko alkateak horrela azaldu du: «Historian zehar, gure kulturan, ez dira aintzakotzat hartu arau heterosexualetik kanpo dauden orientazio afektibo eta sexualak, ez eta genero identitate desberdinak ere, eta estatuko botere indarrek eta gizartearen gehiengoak, diskriminatu egin dituzte».
Dena den, «LGBT+ komunitatea orain hamarkada batzuk baino askatasun handiagoarekin bizi da gaur egun, hori hala da!». Eraldaketa horren adierazle, «hain juxtu, amaiera eman zaie legeen alorrean garatutako diskriminazioei, eta ia erabateko berdintasuna lortu da udal jardunbidean». Hala ere, «errealitate soziala urruti dago berdintasun horretatik». Izan ere Amenabarrok gogorarazi du, oraindik nagusi direla «ezin ulertua, aurreiritziak, diskriminazioa eta fobia ugari, lesbofobia, homofobia, transfobia, intersexofobia eta bifobia».
Legorretako Udalak 2020 urteko ekainaren 28an onartu zuen adierazpenean, berretsi egin zuen LGBT+ herritarren eskubideak urte guztian bermatzeko konpromiso politikoa. «Herri honek orain arte ez ditu izan LGBT+ pertsonei begirako politika espezifikoak edo zeharkakoak. Antolatu ditugun nazioarteko egunen harira hitzaldiak eta film emanaldiak eta halako saioak, bai, baina zeharkako politikarik ez dugu garatu orain arte». Diagnostiko hau, bide horretan lehen urrats gisa har daiteke.
Helburua da, «LGBT+ herritarren eskubideak bermatuko diren agertoki batera iristea». Horretarako, «herrian dauden LGBT+ pertsonak identifikatuko dira, jakiteko, ea bere egunerokoan eta esparru desberdinetan ze egoera bizi dituzten, eta Legorretan komunitate honek ze errealitate bizi duen». Herriko mapa bat egingo da, LGBT komunitateko pertsonen ezaugarrien eta bizimoduaren inguruan. Eta diagnostiko hori egiteko, diziplina ezberdineko lan taldea osatu dute, eta hau garatuko duten ikerlarien artean daude, Zuriñe Rodriguez Sudergintzako eta Ibai Fresnedo Hiruki Larrosako ikerlariak. Adituak dira LGTB politiketan, politika publikoetan eta teoria feministan.
Hiru fasetan
Diagnostikoa nola egingo den azaldu du Rodriguezek, eta argitu duen lehen gauza da, «intersekzionalitatea lanabes» izango dutela, «zeren LGTB+ komunitatea, bada komunitate bakarra baina ez da komunitate homogeneoa, oso anitza baizik; homosexuala den gizona bakarrik ez, izan daiteke gizona baina bisexuala, heldua, beltza, edo izan daiteke emakume lesbiana edo transexuala…». Dena den, ez dituzte profil guzti-guztiak bilatuko, hain zuzen ere, profil guztiak egon daitezkeelako edo ez Legorretan.
Diagnostikoa hiru fasetan egingo da. LGTB+ agente eta pertsonen identifikazioa egingo dute lehenik. Bigarren fasean, landa lana egingo da, elkarrizketen bidez. «LGTB+ pertsonekin bildu eta lasaitasunez eta duintasunez, bere bizitzaz eta bere kezkez hitz egin nahi dugu, badakigulako pertsona hauek oztopo askorekin topo egiten dutela egunerokoan, eta oztopo horiek identifikatu nahi ditugu, baina aldi berean, estrategia asko sortzen dituzte bere egunerokoan, eta estrategia horiek ere baliagarriak dira politika publikoak egiteko». Hirugarren fasean, datu guztien bilketa egingo dute, helburu zehatz batekin; batetik, mapa bat izateko, eta bestetik, hainbat neurri mahaigainean jartzeko.
Landa lana garatzeko, aurretiaz LGTBI+ populazioa osatzen duten sektoreen arteko banaketa egingo dute. Hiru sektore nagusi izango dira: sektore gehiengodunak (adin ertaineko lesbianak eta gayak); sektore gutxiengodunak edo gutxiago aztertutakoak (pertsona transexualak, adineko pertsonak, amak eta aitak, bisexualak, gizonezkoekin sexu harremanak dituzten gizonezkoak); gizarte bazterketako arriskuan dauden sektoreak (migranteak, sexu langileak, gay seropositiboak, intersexualak).
Identifikatutako hiru sektore horiez gain, zazpi analisi unitate ere zehaztu dituzte: Espazio publikoaren erabilera, hezkuntza, lan arloa, osasuna, aisialdia, parte-hartze politikoa eta nahitaezko migrazioa.
Ikerlariek azpimarratu dute partaideen anonimotasuna gordeko dela. Haiekin kontaktuan jartzeko, martxan dago eposta bat: LGTB@legorreta.eus.
Solasaldia hilaren 24an
Bestalde, gaian murgiltzeko, eta sexu askapenaren nazioarteko egunaren testuinguruan, ekainaren 24an, solasaldi bat izango da Herri Antzokian: Legorretan ba al dago armairurik? Bertan, bi ardatz nagusi jorratuko dira. Batetik, diagnostikoa bera eta horren nondik norakoak, eta, bestetik, LGBTI+ politikak eta horien garrantzia herri txikietako errealitateetan.