«Pertsonen arteko harremanetan konkistatu beharreko lurra dago»
Udalbiltzaren 'Geuretik sortuak' sormen-beka proiektuan, Zaldibian landuko du Peru Calabazak kontakizuna, samurtasunari buruz. Hiru astetik bat igaro du; beste bi, uztailan.
Zerk piztu zizun interesa ‘Geuretik sortuak’ proiektuan?
Oso proiektu polita iruditzen zait geure errelatuak sortzeko helburu hori, eta Euskal Herriko toki askotako artistak leku batetik bestera aldatzea, beste herri batera joan, hango jendearekin hitz egin eta han zerbait kontatzea erakargarria iruditzen zait.
Samurtasunaz idatziko duzu.
Samurtasunaren gaiarekin badaramat denbora bat, eta ideia bat etorri zitzaidan. Pandemiarekin, gainera, premia larrian dago. Ematen du distantzia gehiago eduki behar dugula pertsonen artean, baina lehen ere nahiko distantzia bageneukan. Konkistatu beharreko lurralde bat dagoela iruditzen zait pertsonen arteko harremanetan, hurbiltasuna, elkar gehiago ukitu…
Geroz eta urrunago eta isolatuago al gaude gizaki bezala?
Ez dakit. Ez daukat halako ikuspegi apokaliptikorik. Ez dakit okerrera goazen, baina hobera joan gaitezke. Niri gustatzen zait hurbiltasun hori sentitzea. Orduan, geure historiak sortzearen horretan, bururatu zitzaidan samurtasunaren historia ez dela inoiz kontatzen, nahiz eta gero nobela pila batean lantzen den.
Zuk zuzenean gaira jo duzu.
Bai, jolas bat bezala ere bada. Planteamendu nahiko poetikoa da. Ezin baita jakin nolako samurtasun harremanak zeuzkaten orain dela bi, hamar, hogei mendeko pertsonek. Historia liburuetan gertatu ziren gauza handiak kontatzen dituzte: gerrak, jauntxoak, mugak… Bai, eta pertsonak? Pertsonen arteko harremanak? Azkenean, komunitatea komunitate da pertsonak hurbildu direlako eta afinitate hori lortu dutelako, elkartu direlako eta elkar maite izan dutelako. Hori ez da kontatzen, eta ez dago kalean ere. Umeen artean ikusten da, baina helduen artean egongo ez balitz bezala da.
Zaldibiak samur hartu al zaitu?
Bai. Goxotasun modu asko dago, eta sentitu dut bai. Begiradan, ahots tonuan, jarreran… Oso ondo onartua sentitu naiz. Maiatzaren 24an etorri nintzen. Astebete orain egingo dut, eta uztailean beste bi asterako etorriko naiz.
Zaldibia zeuk aukeratu duzu?
Epaimahaiak erabaki zuen hori. Herri handiegia ez izatea nahiago nuen. Sekula egon gabea nintzen. Goierri, oro har, gutxi ezagutzen nuen. Beste inguru batzuetan ibili naiz askoz gehiago.
Lehenengo aste honetan zer egin duzu?
Kontaktuen bidez, interesatzen zaidan jende baten berri eman didate. Hitzordu batzuk lotu ditut batzuekin; elkartu, eta elkarrizketa sakonak eta intimoak edukitzea interesatzen zait, ez taberna giroko axalekoak edo sozialagoak. Zeren horietan ez da existitzen intimitate mundua edo sentimendua.
Nola usnatzen duzu lortu nahi duzun sentimendua badela?
Ibilbide bat egiten dugu. Nik mapa bat daukat, zer gai ukitu nahi ditudan, nondik joan nahi dudan, eta hortik ibiltzen gara. Ikusten dut beste pertsona non dagoen erosoago, zer daukan kontatzeko. Atzo jubilatu elkarteko bi emakumerekin egon nintzen, eta beraien haurtzaroko eta gaztaroko historia bikainak kontatu zizkidaten. Gero, ez dakit material hori sartuko dudan ala ez, zenbat eta nola. Testuingurua jartzeko da.
Kontakizun bat idatziko duzu. Sortze prozesua nola egingo duzu? Nola antolatuko dituzu hiru asteok Zaldibian?
Egonaldia banatuta egotea interesgarria iruditzen zait. Lehenengo kokatu, ezagutu, zerbait jaso. Gero hausnartzeko denbora eduki nahi dut, nire lana ulertzeko. Nik ez daukat molde bat, oraindik ez dakit zer forma emango diodan gero idatziko dudan testuari. Gainera, ez dut eduki nahi ere. Nire burua funtzionatzen hona etorriko nintzela esan zidatenean hasi zen. Zenbait gauza apuntatuta ditut, baina ez dut itxi nahi. Ea intuizioak, edo jendearekin hizketan aritzeak, edo hemengo giroan murgiltzeak zer ematen didan. Horren arabera moldatuko dut gero.
Zer formatu izango du?
Nobela labur edo ipuin luze formatua eskatu digute. Ez dakit kanonaren araberako eleberri bat egingo dudan, historia borobila edo. Historia liburuetan kapituluak izaten dira, gertaera bat, denboran jauzia, beste gertaera bat… Nik uste formatu hori balia dezakedala historia desberdinak kontatzeko. Edo familia baten historia kontatzea da beste bat. Ez dakit, hori erabaki gabe daukat.