'30 emakume ahaztezin' erakusketa ireki dute Anduetza Parketxean
30 emakumek gizarteari egindako ekarpenak biltzen ditu erakusketak, eta herriz herri errekonozimendurik izan ez duten emakume ezberdinen lana jasotzea da helburua. Uztailaren 15era arte izango dute herritarrek ekarpenak egiteko aukera.
Zegamako Anduetza Parketxean erakusketa berri bat ireki dute: ’30 emakume ahaztezin’. Akuarela erakusketa da, eta errekonozimendurik izan ez duten emakume ahaztezinen ekarpenak biltzea du helburu. Uztailaren 15era arte egongo da ikusgai, asteazkenetik igandera, 10:00etatik 14:00etara.
Zegamako Udalak, Emakundek, Emakumearen Euskal Museoak eta Gipuzkoako parketxe sareak elkarlanean antolatu dute erakusketa, eta Emakundek 30 urte bete zituenean sortutako liburu batean du jatorria: bertan 30 emakumek egindako lana eta Elena Ciordia artistaren akuarela lan bana bildu zituzten. “Liburu batean ezin dira emakumeek egindako ekarpen guztiak bildu, baina liburua aitzakia bat da, norberak bere hausnarketa egin eta inguruko emakume ahaztezin horiek identifikatzeko”, azaldu du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak.
Erakusketan, akuarelez eta emakumeei aipamenez gain, herritarrek haien ekarpenak egiteko eremua prestatu dute. “Apurka apurka herri bakoitzeko emakume ahaztezinen ekarpenak biltzea da xedea, merezi duten emakumeei errekonozimendua egiteko”.
Luis Mari Zaldua Gipuzkoako parketxe sareko fundazioko lehendakariak bere amona ekarri du gogora eta hark euskarazko ondarea oparitu izana eskertu du: “Aintzatespena merezi duten emakumezko guztiei akuarela bana margotuko balitzaie, zerua estaltzeko adina margo izango genituzke”. Berdintasunaren aldeko urrats bat gehiago izango da erakusketan bildutakoa, “pauso txikiak baina inportanteak” Joseba Izagirre alkatearen arabera: “Lanketa handia dago egiteko eta udaletik eragile ezberdinekin lanketa egiten ari gara; kasu honetan,30 emakume ahaztezin horiek gizarteari eskaini diotena ikaragarria da, eman duten hori herritar askok ari garela aprobetxatzen eta gizarteak haiei egindako errekonozimendua txikia da”.
Uztailaren 15era arte izango dute herritarrek haien ekarpenak egiteko aukera. Lan ezberdinetan ibilitako emakumeak daude erakusketan, tartean bertsolariak, margolariak, matematikariak edo politikariak, baina ikusezinak izan diren beste hainbat emakumeren ekarpenak jasoko dituzte, pixkanaka isilarazitako lana argitaratzeko. “Etxeko lanetan edo euskararen testigua aurrera eramateko egindako ekarpenak izan daitezke”, esan du Landaidak.