Lazkaon udalean bi urtean «egin dena eta zitekeena» konparatu ditu EH Bilduk
Hauteskundeetan 40 botoren aldea soilik izan zela baina oposizio gisa «isilarazi» dituztela salatu du. Udal gobernuaren jarduera kritikatu du EH Bilduk, eta burutu ez dituen gaien beharra agertu
Udal agintaldiaren erdira iritsita, Lazkaoko EH Bilduk udalaren jardueraren balorazioa egin du, oposiziotik udal gobernuari hainbat kritika eginda. «Egin denaren eta egin zitekeenaren konparaketa», hain justu, hasieratik EAJk hartu zuen jarreratik hasi du hauteskundeetan 40 boto gehiago lortu zituen jeltzaleen zerrendak: «40 boto zerbait badira, aldea da, baina emandako boto baliodunak 2.957 direnean, 40 boto huskeria da. Hori al da oposizioa isilarazteko aldea?», aipatu du Joxemai Ormazabal bozemaileak. EH Bildu goitik balitz, «udal gobernua eta oposizioa elkarlanean» jardungo ziratekeela aurreratu du.
EH Bilduk Lazkaoko udalbatzan dituen sei zinegotziek parte hartu zuten prentsaurrekoan, bakoitzak arlo baten errepasoa eginez eta zer egingo zuketen aipatuz. Lazkao jauregiaren aurrean egin zuten agerraldia, herenegun. Covid pandemiarekiko erantzuna «eraginkorragoa» emango luketela esan dute, itxi behar izan duten merkatari eta ostalariei zerga aringarriak eta laguntza zuzenak emanez. Prebentzio eta Jarraipen Batzordea bertan behera uztea kritikatu du.
Azpiegiturez
Hirigintzako inbertsioen nolakotasuna ere kritikatu du, «Kanpandegiko eta Mercadona atariko milioiak», Lazkaomendirako oinezkoen bidea, baserrietako ur zikinen hoditeria eta komunikazioak eraikitzeko erabiliko zituzkeela erantsita. «Herri industriala izaten jarraitu nahi dugu, baina dagoen baino eskari gehiago gabe, berdea hormigoiz eta asfaltoz ez genukeen estaliko».
Mercadonari «alfonbra gorririk» ez ziokeela jarriko EH Bilduk ere aipatu dute, «ez baita bideragarria Goierrin daukagun merkataritza sarearekin».
Udal eraikinen energia beharrak asetzeko eguzki-plakak jartzea eta energia-komunitateak sortzea ere faltan sumatu du. Berdintasun planak «emaitzak ematen hasita» behar zuela iritzi diote; «hasieratik bertatik jarriko genuen martxan plangintza eta haren garapena». Landa eremuaren diagnostikoa ere eginda izango zuketela ziurtatu dute.
Lazkao duketxeaz, berriz, jauregian «negozioa jartzeko aukera» udalak ireki izana deitoratu du. «Ari gara hori eragozten saiatzen, alegazio bidez. Gobernu taldeak, ordea, kontsentsua txalotu baina alperra pasatzen du».
«Zarata egiten nahi» dituztela, baina EH Bilduk ez duela egingo esan du, «soseguz proposamen egingarriak eta herritar guztiontzako gustagarriak» baizik.
EH Bilduren 10 urteko ibilbideaz bi ekitaldi, gaur
Hamar urteko bizialdia ospatzen eta gogoratzen ari da aurten EH Bildu, eta Lazkaon bi ekitaldi antolatu ditu, gaurko. Herritar guztiak gonbidatu dituzte horietara. Plazan erakusketa jarriko dute, batetik. 11:00etatik iluntzera arte, Lazkaon hamar urteotan egindakoen errepasoa aurkeztuko dute, testu eta argazki bidez. Kultur etxeko aretoan, 18:30ean, ‘Hamar urte baino ez’ dokumentala jarriko dute.