Nora Tobar eta Dorleta Armendariz, atletismoan Euskadiko txapeldun
Altuera jauzian, 1.76 metrorekin urrezko domina lortu du Txindoki taldeko Tobarrek. Mailu jaurtiketan, 49.84 metro lortu du Atletiko San Sebastian taldeko Armendarizek
Euskadiko Atletismo Txapelketan emaitza onak lortu dituzte Ordiziako Txindoki Atlestismo Taldeko atletek, 20 eta 23 urtez azpikoen mailan. Iragan asteburuan jokatu zen, Durangoko (Bizkaia) Landako pistan. Nabarmentzekoa, Nora Tobarrek altuera jauzian urrezko domina lortu, eta Euskadiko txapeldun izendatu zela, bere kirol ibilbidean egin duen inoizko jauzirik altuena eginda gainera. 1,74 metroko jauzian zuen bere marka pertsonal onena, eta bi zentrimetroan gainditzea lortu zuen.
Tobarrek berak kontatu duenez, ez zen txapelketa erraza izan: «Maila altua egon zen, Espainiako txapelketa absoluturako bi minima lortu ziren; Garazi Larrakoetxeanak eta nik, biok 1,76metroko jauzia egin genuen». Desenpatea jokatu behar izan zuten altuera jauzian espezialistak diren bi atleta gazteek. «Luzea eta gogorra izan zen, 7 altuera ezberdinetan jarri ziguten listoia eta azkenean nik irabazi nuen». Lehia handia izan zen, eta ondo merezitako domina bat gehiago gehitu du Tobarrek bere palmaresera. Orain, atsedenik ez dago. Nerjan (Malaga, Espainia) datorren asteburuan jokatuko den Espainiako txapelketan parte hartuko du, eta horren ondorengo astebukaeran, Espainiako txapelketa absolutuan, Madrilen.
Mutilen altuera jauzian, dominarik ez, baina, Danel Perezek, 1,80 metroko jauziarekin laugarren postua lortu zuen. 1.92n zuen bere marka pertsonalik onena, eta Durangokoan, podiumera igotzeko faboritoen artean bazegoen ere, gauzak ez ziren nahi bezain ongi joan Perezentzat, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Ander Svensson markarik gabe geratu zen.
Ane Torresek, zilarra
Pisu jaurtiketan ere, Ane Torresek ez zuen barkatu, nahiz eta eskuko lesio batetik sendatzen ari den oraindik. Duela 2-3 hilabete hatz batean min hartu eta igeltxoa jarrita izan du Torresek. «Espainiako txapelketa laster da eta probatu nahi nuen nola dudan eskua». Ez zuen lan makala egin, ez: 4 kiloko bola 12.41 metrora bidalita, bigarren postua lortu zuen, eta zilarrezko domina lepoan bueltatu zen etxera. Marka pertsonal onena, 13,42 metroan du jarrita Txindokiko atletak. Asteburukoaren ondoren, «eskuan mina» izan du, eta horregatik, ez da Espainiako txapelketara joango. «Orain nahiago dut eskua ondo osatu, hala lehenbailehen,%100ean lehiatu ahal izateko eta, 14 metroko helburura iristeko lanean jarraitzeko».
Abiadura probak
Abiadura probetan, 200 metroko podiumean, ordiziar bat izan da baita ere. Gaur-gaurkoz Atletiko San Sebastian taldean badabil ere, Txindokin hasi zen Nerea Galparsoro. Hirugarren egitea lortu zuen, 24:92ko denbora eginda. Galparsororen hitzetan podiumera igotzea baino hobea izan zen, azkeneko 7 urtetan lortu ez duena lortzea; «25 segundotik behera egitea», hain zuzen ere. Distantzia berean, Irenia Apaolaza Txindokiko lasterkari zeraindarrak, bosgarren postua lortu zuen, 25:26 denbora eginda. 100 metroko lasterketan ere parte hartu zuen Apaolazak, 12.87ko denbora eginez.
100 metroko distantzian lehiatu zen Itsaso Estala taldekidea ere, 12:80ko denbora egin zuena, eta 200 metrokoan, 26:69. Bi distantzietan, marka pertsonala hobetzea lortu zuen Estalak.
Mailu jaurtiketa
Atletiko San Sebastian taldearekin lehiatzen den beste ordiziar bat, Dorleta Armendariz izan zen 4 kiloko mailu jaurtiketan Euskadiko txapeldun, Durangon, 49.84 metro jaurtikita mailua. Armendariz ere, Donostiako taldearekin ari bada ere, Ordiziako Txindoki Atletismo taldean egin zituen lehen urratsak.