Aginte-makilaren trukaketa egin dute Idiazabal, Zegama eta Segurak
Ezohiko moduan izan arren, makil trukaketaren ohiturari eutsi diote Idiazabal, Zegama eta Segurako alkateek
San Adrian eguna ezohiko moduan ospatu dute aurten ere Idiazabal, Segura eta Zegamako herritarrek. Alkateen aginte-makilaren ohiturarekin jarraitzeko asmoz, lehenik eta behin San Adriango ermitaraino joan dira gaur goizean. Koronabirusak sortutako egoera dela eta, apaizak ezin izan du bertaraino igo eta ez da mezarik egon.
Behin San Adrianetik jaitsitakoan, Zegaman egin dute lehendabiziko makil trukaketa Idiazabalgo alkatea den Iñaki Alberdik eta Zegamako alkatea den Joseba Izagirrek. Hamaiketakoa egin eta gero, Segurara joan dira Izarra Urdalleta alkatearekin azken trukaketa egiteko asmoz.
Iñaki Alberdik adierazi duenaren arabera, «urtetik urtera galtzen joan den» ohitura bat da aginte-makilaren trukaketa. Behin normaltasunera itzultzean, alkateen helburua «ohitura hau berreskuratu» eta ospakizun honetara «jende gehiago erakartzea» izango dela azaldu dute.