'Haragiari kosk' ekitaldia lekualdatzea erabaki du Legazpiko Udalak
Koldobike Olabide alkateak 'Haragiari kosk' ekitaldia lekualdatu eta azoka gunean egin beharko dela adierazi du
Lekanazpirekin haragiari kosk izenburupean, solasaldia eta haragi dastaketa antolatu ditu Lekanazpi elkarteak hilaren 16an, asteazkena, 19:00etan. Hasiera batean antolatzaileen asmoa ekitaldi hau Bikuña-enea plazan egitea zen arren, Koldobike Olabide alkateak ez dio Lekanazpiri plaza hau erabiltzeko baimena eman, plaza udalak antolatutako ekitaldietarako edo udalak antolaketan laguntzen duen ekitaldietarako gorde behar dela argudiatuta.
Udalak, honen ordez, azoka gunea erabil dezaketela jakinarazi die antolatzaileei. Lekanazpi elkartea alkatearen erabakiarekin ados egon ez arren, antolatzaileek azkenik solasaldia eta dastaketa Bikuñenea plazatik azoka gunera aldatzea erabaki dute. Ekitaldian parte hartu ahal izateko, bertara inguratu nahi dutenek izena eman beharko dute webgune honetan.