Ataungo idazleak eta lana, bilduman bateratuta
Bost mendetan ataundarrek idatzitako aztarna jasotzen ari da Jexux Aizpurua. Inoiz zerbait papereratu eta argitaratutako «ehundik gora» idazle bildu ditu katalogoan. Bihar emango du haien eta lanaren berri.
Ataungo idazleak historian zehar. Esaten erraza eta laburra den langintza den gai hori ari da jorratzen Atauniker kultur elkarteko Jexux Aizpurua. «Bukatzen ez dena» da atzetik daukan haria, ordea. Aspaldi ekin zion ataundar idazleen bilduma egiteari, eta, etenaldi luzearen ondoren, berriz hartu du. Orain artekoaren emaitza, eta etorkizunerako dauzkan asmoen berri, bihar hitzaldi batean emango du Aizpuruak: Ataungo idazleak historian zehar. XVI.etik XXI. mendera: katalogoa eta bilduma. Ataungo udaletxean, 19:00etan hasiko da.
Izan ere, bilduma luzea dauka dagoeneko. «Liburuak, olerkiak, saioak, ipuinak… zerbait idatzi eta publikatu duten ataundarrak bilatu ditut. Zer aldizkaritan atera diren ere bai. Bibliografia herrikoa osatzea da helburua», aurreratu dio HITZAri Aizpuruak.
Ez du zehaztu zenbat idazle zerrendatu dituen. «Ehundik gora» direla bakarrik. Batzuk, artikulu bakarra idatzi dutenak, beste batzuk, idazle emankorrak, denetarik dago. «Idatzitako lanak zenbat diren ez noa esatera; piloa». Bihar aurkeztuko du.
Duela 500 urte baino gehiagokoa da lehenengo erreferentzia. «XVI. mendeko idazleak ere aurkitu ditut. Cervantesek Quijote idatzi baino lehenago, bazegoen ataundar bat idazten zuena».
Soka luzeari segida eman
Katalogoa eskuz hasi zuen, duela urte asko. Ordenagailuan «ordenatuxeago» dauzka datuak orain. Idazlea, zer idatzi zuen eta non argitaratu zen jaso du. «Soka luzea da».
Aro historiko ezberdinetan, berriz, zailtasunak ere askotarikoak topatu ditu. «Ezizenak arazo dira idazlea identifikatzerakoan, eta garai batean pila bat agertzen dira».
Beste oztopo bat, hemerotekak kontsultatzeko erraztasuna da, idazle ataundarren originalak edo kopiak aurkitzen ere ari baita. «Originalak lortzea ezinezkoa da sarri. Azkeneko garaietakoekin bai, hemeroteketan eta Internet badaude, baina zaharrekin ezin da. Artxiboetara joan beharra dago, bilatu, orduak pasatu… Gerora, egin nahi duenarentzat erreferentzia utziko dugu lan honekin behintzat».
Egunkarietako eta aldizkarietako kronikagileak ere erantsi ditu katalogora. «Bakoitzak bere aportazioa egin du».
Orain arteko egindakoa bukatu gabe dagoela ziur esan du Aizpuruak. «Batek bestea ekartzen du». Hala, oraindik osatzen ari dela aurreratu du. Beste gauza bat ere lortu nahi du: gaur egungo ataundarrak idaztera animatzea. «Lehengoak idazte lanetan zertan aritu diren jakinda, ea bertakoak hasten diren. Irakurle taldekoak, adibidez».
Bilaketan eta bilketan aritu denean, «ezusteko» askorekin topo egin du. «Ezustekoak hartu ditut, uste ez zirenak. Erreferentzia banuen zerbait idatzi zuten batzuena, baina harrezkero egindako gauza bitxiak ere atera zituztela aurkitu dut, batez ere aspaldiko idazleekin».
Historia idatziaren hurrengo orrialdea, bihar Ataunen.