Herritarren ekarpenak jasota Mapa Morea egingo du Ordiziako Udalak
Irisgarritasun Planaren berrikuspenerako diagnostiko ariketa bezala egingo dute Mapa morea. Aurkezpena eta bi parte hartze saio egingo dituzte ekainean eta uztailean Mapa morea osatzeko
Genero ikuspegia kontutan hartuta, Irisgarritasun Planaren berrikuspenerako diagnostiko ariketa bezala,parte hartze bidez osatutako udalerriko Mapa morea egingo du Ordiziako Udalak. Buztuntza parkean eman dituzte xehetasun guztiak, Adur Ezenarro alkateak, Ainhoa Jimenez Berdintasun zinegotziak eta Patxi Galarraga Projekta Urbeseko ordezkariak.
«Irisgarritasun Planaren berrikuntzan lanean ari gara. Ikuspegi oso teknikoa hartu ohi da kontutan, eta espazio publikoaren erabilerari erreparatuko bagenio, konturatuko ginateke, batez ere zaintza lanetarako erabiltzen dela». Irisgarritasun fisiko hutsaz harago, espazio publikoaren erabileraren inguruan hausnartzea da helburua. «Ezin gara irisgarritasunaren benetako azterketa eraginkor bat egitera iritsi, ez baldin bagara genero ikuspegitik abiatzen». Eta, mapa moreak, herriaren ahalik eta argazki osatuena egiten, eta gabeziak eta indarguneak identifikatzen lagunduko du.
Aurkezpena eta saioak
Proiekta Urbes enpresak garatuko du proiektua, bai Mapa morea, eta baita ondoren egingo den Irisgarritasun Planaren berrikuspena ere. Udalerriaren diagnostikoa, udal langileekin eta teknikariekin bakarrik ez, herritarren ekarpenekin ere egingo da. Horregatik, prozesuan parte hartzeko gonbita luzatu diete ordiziar guztiei, eta batez ere, adin guztietako emakumeei.
Lehenik eta behin, proiektua aurkezteko eta formazio txiki bat eskaintzeko, aurkezpena egingo da. Ekainaren 23 izango da, udaletxeko areto nagusian 17:00etan hasita.
Ondoren, bi parte hartze saio egingo dira: ekainaren 30ean, herriaren diagnostikoa burutuko dute, hainbat ardatz kontutan hartuta, genero ikuspegitik antzemandako ezaugarri negatiboak azaleratzeko; eta uztailaren 7an, ezaugarri positiboak aurkitu eta kokatuko dituzte, ongizate eta osasun pertsonala, elkarbizitza, lan erreproduktiboa eta presentzia kontutan hartuz. Bi saioak, udaletxean, 18:30ean.
Modu presentzialean eta online parte hartu ahalko da bileretan.