Iñaki Dubreuil sozialistak esan du COVID-19aren aurrean Ordiziako Udal gobernuak hartutako neurriak "oso gutxi" direla
Legealdiaren bi urteotako balantzea egin du Ordiziako talde sozialistak, eta osasun larrialdiari aurre egiteko kudeaketa kritikatu du. PSE-EEren proposamenak aintzat hartu ez dituztela ere esan du.
Ordiziako PSE-EEko bozeramaile Iñaki Dubreuilek, legealdiaren bi urteen balantzea egin du. Orain arte ezagun ez zen testuingurua zabaldu du COVID-19ak, legealdian eragin zuzena izan duena. Pandemiak sortutako egoeraren aurrean, Dubreuilek uste du, Udal gobernu-taldeak, EH Bilduk eta Podemosek, hartutako neurriak ez direla nahikoak, eta “anbizio handiagoko neurriak” beharrezkoak direla. Ziurtatu du, gustatuko litzaiokeela tokiko gobernuak oposizioa kontutan izan balu krisiaren hasieratik.
Ordiziako talde sozialistaren bozeramaileak esan duenez, Udal gobernuak “ez ditu PSE-EEren “hausnarketa eta plangintza proposamenak aintzat hartu, oso gutxitan izan ezik”, eta Ordiziak aurrean duen erronka honetan, “elkarrekin indartsuagoak gara, krisi sanitario, ekonomiko eta sozialaren ondorioak arintzeko”. “Ezinbestekoa da indarrak batzea”, esan du Dubreuilek, eta konbentzituta dago “udalerrian dagoen aniztasuna” eta “ideia eta proposamen desberdinak ukatzeak” ez duela laguntzen egoera honetatik irteteko.
Bihartik aurrera, asteazkena, ekainaren 16a, bizilagunen postontzietan liburuxka bat banatuko dute, non Dubreuilek legealdiko bi urteen balantzea egiten duen. Ordiziako Udalean egindako lana “eraikitzailea” eta “Ordiziarentzat anbizio handikoa” izan dela ziurtatu du. Oposizioan egoteagatik, bere lana “zaila” dela onartu du, baina bere “irmotasuna eta kemena” hartutako konpromisoak bere gain hartzeko aliatu onenak direla adierazi du. Ildo horretan, hiru proposamen zehatz egin ditu, tokiko politikaren hiru esparru nagusitan aztertu eta aintzat har daitezen: klima-aldaketaren aurkako borroka, sustapen ekonomikoa eta enpleguaren eta osasun komunitarioaren sustapena.
Baina, Dubreuilek adierazitakoaren arabera, “gobernu-taldeak ez du ahalbidetu hausnarketa partekatua egitea eta sozialisten proposamen handiak eztabaidatzea, ez du askorik egin herritarren parte-hartzearen arloan ere, eta martxan jarri den gauza bakarra jasangarritasun energetikoaren batzordea da, legez sortu behar dena. Osasunaren arloan planteatutako kudeaketari dagokionez ordea “oso gutxi” egin duela. Enpleguaren sustapenari eta hirigintzako plangintza orokorrari dagokionez ere Udal gobernuak “gutxi” egin duela dio.
Dubreuilek, bi urte hauetan, eta COVID-19ari dagokionez, “deseskalatze plan bat” egitea proposatu du; “udalerriko ekonomia suspertzeko txoke plan integral bat diseinatzea, udal larrialdi plana eta laneko segurtasun eta osasun plana eguneratzea, segurtasun batzordearekin batera, eta normaltasun berrira egokituko dena”.
Gehitu du zerga-arloan ere hainbat neurri proposatu dituela, “tokiko merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko, bai eta krisiak kalte handia eragin dien beste sektore batzuei laguntzeko ere (bidaia-agentziak, taxiak, etab.), bai eta baliabiderik ez duten familiei edo ERTEan daudenei laguntzeko ere, besteak beste”. “Tasa eta zergen ordainketa geroratzea, malgutzea eta zatikatzea; zerga eta tasa batzuen hobaria eta salbuespena; eta tasa edo prezio publikoak itzultzea”.
Halaber, laguntza-ildoak aztertuko dituen lantalde tekniko eta politiko bat sortzea ere proposatu duela adierazi du. “Ordiziako ekonomia suspertzeko txoke-plan integral bat diseinatzeaz gain, etxeko langileen aparteko sorospenaren laguntza ekonomiko osagarri bat ezartzeko, eta hurbileko hiri-ekonomiari laguntzeko kanpaina bat abian jartzeko, besteak beste”.
Azkenik, zinegotzia sozialistak Udal antolaketaren eta giza baliabideen arloan bizi duen egoera “zaila” dela aipatu du. Dubreuilen ustez, “Udalak erakundearen antolaketa berrikusi behar du, orainak eta etorkizunak Ordiziari ekarriko dizkioten erronkei aurre egin ahal izateko”.