Euskal dantzak eta balleta uztartuko ditu Ordiziako Dantza Asteburuak
Amets Bide dantza taldeak egitarau bete-betea antolatu du astebururako. Amets Bideko dantzariek, eta bi talde gonbidatuk dantzatuko dute, Iker Murillo Studio 24 balletak eta Alurr taldeak
Euskal dantzez jantzia etorriko da asteburua Ordizian. Amets Bide dantza taldeak, energia guztiak jarri ditu hilabeteetan, dantzari dagokion espazioa berreskuratzeko, eta dantzazaleen gozamenerako ekitaldia prestatzeko. Mimo handiz, eta berriro ere jendaurrean dantzatzeko ilusioz, larunbaterako eta iganderako, lau emanaldi prestatu dituzte. Hasiera batean, Majori Plazan eta Barrena parkean. Baina antolakuntzak jakinarazi du, astebururako eguraldiaren iragarpena txarra denez, Majori Plazan egitekoak ziren emanaldiak, pilotalekuan egitea erabaki dutela. Dena den, oraindik azken orduko aldaketak egon daitezkeela ere iragarri dute, eguraldia lagun badute, Majori Plaza bueltatuz. Ostegunean hartuko dute azken erabakia.
Hori argituta, dantza asteburua, Iker Murillo Studio 24 balletak irekiko du, larunbatean. Nazioarte mailan sona handia duen dantzaria da Murillo. Dantza tradizionalekin hasi zen eta Mentxu Medelen Donostiako eskola ospetsuan sartu zen laster, Lucia Lakarra, Urtzi Aranburu edo Jone San Martin bezalako dantzari handien ikastoki berean. Hamasei urterekin Madrilera joan zen Carmen Rocheren Dantza Eskolan sartzeko eta bi urte geroago, mapa gurutzatu zuen Stuttgarteko John Crankoren Eskolaran hasteko.
Saarbruükengo Operako alemaniar balletean, Zuricheko balletean, Richard Wherlocken Basilea balletean eta Bejart Ballet Lausannean dantza egin du Murillok eta 2014tik Uniqart Dance Companyko zuzendari artistikoa eta dantzaria ere bada.
Hori esanda, ziur emanaldi jantzia eta borobila eskainiko dutela Ordizian.
Larunbateko programazioarekin jarraituz, arratsaldean, Amets Bideko txikienek hartuko dute lekukoa lehenik, ikasturtean zehar ikasi dituzten euskal dantzak taularatzeko. Gogo bereziarekin daude eta ziur, hauek ere emanaldi polita prestatu dutela. Jarraian, 19:30ean hasita, taldeko helduen txanda izango da. Estilo desberdinak jasoko dituen saioa izango da, dantza tradizionalak eta modernoagoak uztartuko baitituzte. Amets Bideko helduen emanaldian, talde gonbidatu batek ere parte hartuko du, Ibarrako Alurr dantza taldeak, hain zuzen ere.
Gonbidapenak eskuragarri
Dantza emanaldietara joan nahi dutenentzat, gonbidapenak eskuragarri daude jada. Barrena Kultur Etxean eskatu beharko dira, eta eskaera egin ostean, norberak bere etxean jasoko ditu. Bestalde, gogoratu, eguraldiak Majori Plazan egiten uzten badu, azken egunetan gonbidapen gehiago jarriko direla eskuragarri.
Egitaraua:
LARUNBATA, EKAINAK 19
· 12:30. Iker Murillo Studio 24 ballet, pilotalekuan.
· 17:00. Amets Bideko haurren emanaldia. pilotalekuan.
· 19:30. Amets Bideko helduak eta Alurr dantza taldea, pilotalekuan.IGANDEA, EKAINAK 20
· 12:30. Ordiziako barandilla, Barrena parkean.