Gure Eskuk erreferendumaren fasea indartuko du orain, sinadurak bilduta
Herrietan sinadurak biltzen hasita dauden arren, «erritmo desberdinak» bizkortu nahi dituzte. Lazkaon hitzaldia egin eta Bilboko ekitaldia aurkeztuko du Anartz Goiak bihar
Erreferendumaren ariketa mosaikoetatik mahaikoetara igarotzeko ekinbidea abian du Gure Esku ekimenak. 2011n eta 2016an Larraizko belardietan irudikatutako autodeterminazio eskubidearen eskea egikaritzeko urratsa egin du, Hamaika gara dinamikarekin. Erakunde publikoei eta parlamentuei Euskal Herriaren estatus politikoaz galdetuko duen erreferenduma antola dezaten eskatzeko sinadurak biltzen ari da Gure Esku. Bilbon, nazio mailako ekitaldia antolatu dute uztailaren 3rako, bestetik. Eta 2022an Kataluniako prozesuarekin elkarlanean murgiltzeko pausoa egingo du.
Euskal Herri osoan bezala, Goierrin ere herrika ari dira erreferendumaren aldeko atxikimenduak biltzen. Pandemiak «moteldu» egin duela aitortu dute Goierriko Gure Eskuko ordezkariek, eta indarberritu nahi dute. «Duela hilabete hasi ginen Goierrin, baina erritmo desberdinarekin ari dira herri batean eta bestean», dio Goierriko Gure Eskuko Mikel Egigurenek.
Hala, egitasmoari oihartzuna emateko, Lazkaon hitzaldia egingo du Gure Eskuko zuzendaritzako kide Anartz Goiak. Bihar 19:00etan da, Gerriko txokoan, Erabakitzeko aukera berriak datoz? izenburupean. Sinadura emateko aukera ere izango da bertan.
Bilbora, uztailaren 3an
Gure Eskuk Bilbon uztailaren 3an egingo duen ekitaldi nazionala ere aurkeztuko dute Lazkaoko biharko hitzaldian. Bilboko itsasadarrean, udaletxeko zubitik Areatzako zubira bi ertzak lotuko dituzte, 17:30ean. Musika emanaldiak izango dira, Zetak, Olatz Salvador, Dupla eta Itziar Ituñorekin.
Goierritik autobusa antolatuko dute Bilbora joateko. Izena emateko bideak bihar jakinaraziko dituzte, eta konpromiso txartelak ere atera dituzte (hamaikagara.eus-en).
Erreferendumaren herri-eskakizuna sinadura bidez gorpuzteko epetzat 2020 eta 2021 markatu ditu Gure Eskuk. Datorren urterako, beste estrategia batzuk sendotuko dituzte. 2021-22 kurtsoari begira, Kataluniako erakundeekin elkarlana hasiko da. 2022ko udan, Euskal Herria eta Katalunia Pirinioen bidez lotzeko ekimen sinboliko bat egitea pentsatzen ari dira. 2019ko urrian elkartasuna adierazteko mendi gainak argitu zituen Gure Eskuk; elkarlanera doaz orain.