Usurbe antzokia zoroetxe bilakatuko du 'Hijos de Martin y Loinaz junior' taldeak
'Manicom place' ikuskizuna taularatuko dute, larunbatean. Zoroetxe batean kokatutako drama bat da; thriller bat. Ana Alonso zuzendariak idatzi du lana, ikasleen laguntzarekin
Hijos de Martin y Loinaz junior antzerki taldeak Usurbe antzokia zoroetxe bilakatuko du Manicom place ikuskizunarekin. Larunbatean izango da emanaldia, 18:00etan. Sarrerak antzokiko leihatilan eta Kutxabankeko webgunean eskuratu daitezke. 200 lagunentzako tokia egongo da, gehienez.
«Batzuetan ondo dagoenaren kontzeptua ez da egokiena. Ala bai?», galderarekin laburbildu du obraren mamia Ana Alonso zuzendariak. «Thriller bat da, ikusleak buruari eragin diezaion», gaineratu du. «Adi egon behar da». Zoro haizeak ikusleen buruan jarraituko du gerora ere.
Alonso da Manicom placeko zuzendaria, idatzi ere berak egin zuelako. «Idatzi nik egin dut, baina ideiak taldean finkatu genituen», nabarmendu du. Antzerki taldeko koordinatzailea ere bera da.
Larunbata iristeko gogotsu dago beasaindarra. «Gozamena da Usurben antzeztu ahal izatea», dio. Halere, estreinaldia Gabirian egin zuten, duela aste batzuk. Emaitzarekin gustura gelditu ziren. «Desiratzen geunden zerbait egin ahal izatea. Ederra izan zen». «Edukiera mugatua zelako hasiera batean bi saio egin behar genituen, baina azkenean bakarra egin genuen. Pena izan zen, jendea kanpoan gelditu zelako».
Odol berria
Bederatzi aktore igoko dira oholtzara. Gazteak dira, baina esperientzia handikoak. «Geroz eta gazte gehiago hasten da antzerkian. Duela urte batzuk beheraldia izan genuen, mutilen kasuan bereziki. Ez dakit zergatik. Baina buelta eman diogu». Jarraipena da gakoa. Askok hemezortzi urte betetzean utzi egiten dute, ikasketak eta lana medio.
Juniorrak, baina esperientzia handiko taldea
Antzerki tailerreko ikasleek aurrera pausoa eman dute Manicom Place ikuskizunarekin, zortzi urteren ondoren. Atzean utzi dute ikasle rola, eta talde izaera bereganatu dute. «Izen bat behar zutela esan nien, eta ‘Hijos de Martin y Loinaz junior’ jartzea erabaki zuten». Helduen taldeari erreferentzia egiten dio hala, baina gaztetxoen izaera mantentzen du.