«Jendartea mugitzen ez bada, gobernuak ez dira mugitzen»
Euskal Herriaren estatus politikoaz erreferenduma antola dezaten eskatzeko sinadurak biltzen ari da Gure Esku. Bilbon, nazio mailako ekitaldia antolatu dute uztailaren 3rako. Lazkaon hitzaldia egin eta Bilboko ekitaldia aurkeztuko du Anartz Goiak bihar.
Erabakitzeko aukera berriak daudela mahai gainean jarri duzue. Zer mezu emango duzu Lazkaoko biharko hitzaldian?
Erne egon behar dela, eta aukera asko zabaltzen ari direla. Azkeneko urte askotan dauden aukera-abagune onenak suertatzen ari dira nazioartean. Trenak pasatu egiten dira, eta erne egon eta aukerak sortu behar dira.
Eskozia, Katalunia edo Kaledonia Berria aipatu dituzu izenburuan, egingarri diren kasu gisa.
Nazioarte mailan eta Europan zer aukera dauden jorratuko dugu, Frantziako eta Espainiako estatuetan sortzen ari diren eta dauden egoerek eman dezaketen fruitua, Katalunia, Eskozia eta Euskal Herrian zentratuz.
Geldialdian ez ote zenbait?
Pandemiak dena estali eta itzali du, baina azpitik mugitzen ibili diren mugimendu guztiek erabakitzeko eskubidea jarri dute erdi-erdian, Europan eta ia-ia mundu mailan ere bai. Quebec da adibide bat, edo Kaledonia Berria Frantziarekin, Eskozia… Praktikoki ez da geldiunerik, gertatu da pandemiak estali duela dena, eta mugitzeko aukera gutxi eman digu.
Beraz, bada mugimendua.
Argi dagoena da jendartea mugitzen ez bada, gobernuak ez direla mugitzen. Guk mugitu beharko dugu. Bestela ez dira haiek aldatuko. Egoera erosoan daudenek eroso jarraitzeko joera izaten dute. Jendarteak eskatu egin behar du, eta aukera asko daude horretarako. Astroak lerrokatzen dira tarteka, baina lerrokatzen lagundu ere egin behar zaie. Abaguneak ez dira bakarrik sortzen, txanpinoiak zelaian ateratzen diren bezala. Sortu egin behar dira, eta hor dago jendartearen pisua.
Erabakitzeko eskubidearen etorkizunerako bidea zein izan daiteke?
Herrialde ezberdinen artean egin behar dugun elkarlana. Horrek zer sortu dezakeen landu behar da. Eta, bide batez, egiten ari gara. Oraindik plazaratu gabe dago elkarlan horren gehiena. Jada urte eta erdi edo bi urte badaramagu lanketa horrekin. Baina Kataluniarekin, adibidez, elkartasunetik elkarlanera pasatu behar gara, eta pausoak ematen hasi gara bide horretan. Aurki, uztailean kaleratuko dugu elkarlan horrek emango dituen lehenbiziko fruituak. Horrek zer egoeratan jar gaitzakeen ikusiko dugu ondoren.