Saskibaloi federazioak Urretxun egingo du udako campusa
Ekainaren 28an hasiko da eta uztailaren 18an amaitu. 11 eta 13 urte bitarteko 130 haurrek parte hartuko dute. Santa Barbarako aterpetxean lo egingo dute
Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak Urretxun egingo du aurtengo campusa. Ekainaren 28tik uztailaren 18ra egingo dute. Gazteek Aldiri kiroldegian lan egingo dute eta Santa Barbarako aterpetxean hartuko dute ostatu.
Egitasmoa atzo arratsaldean aurkeztu zuten, udaletxean. Aurkezpen ekitaldian Ainhoa Ibarburu saskibaloi federazioko lehendakariak, Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Sergio Galdeano Goierriren saskibaloi saileko arduradunak parte hartu zuten.
Federazioak, Goierrik eta udalak martxoan hasi zituzten campusa Urretxura ekartzeko negoziazioak. Federazioak Urretxu toki egokia dela deritzo: Aldiri kiroldegia saskibaloian jokatzeko aproposa da, aterpetxean gazteek naturaz gozatzeko aukera edukiko dute eta arratsaldetan igerilekura joan ahal izango dira.
Gainera, saskibaloiak indar handia du Urretxun, Goierri kirol elkarteak azken mende erdian egin duen lanari esker.
Campusak hiru txanda izango ditu. Bakoitzean 11 eta 13 urte bitarteko 42 haurrek eta beraien entrenatzaileek parte hartuko dute. Gipuzkoako klub ezberdinetako gazteek teknika eta taktika landuko dituzte. Baita baloreak ere: kooperazioa, talde lana… Horretaz gain, lagunak egiteko aukera edukiko dute, beti ere saskibaloia ardatz hartuta.
Eguneroko jarduna
Goizero Santa Barbaratik Aldiri kiroldegira jaitsiko dira, autobusean. Bertan, bi orduko entrenamendua egingo dute. Eguerdian Santa Barbarara itzuliko dira, bazkaltzera. Arratsaldean bigarren entrenamendu saioa egingo dute. 16:30etik 18:30era, hain zuzen ere.
Aisialdirako tartea ere izango dute, noski. Igerilekura joateko aukera edukiko dute eta Santa Barbaran jolasak antolatuko dituzte beraientzat. Hori guztia, euskaraz. Izan ere, campusaren eta federazioaren bigarren ardatza euskara da.
Federazioak baloi bat oparitu zion udalari, bere prestutasuna eskertzeko.