'Zuhara, itsasoaren deia' liburua aurkeztu du Amaia Telleria idazleak
10 urtetik gorakoei zuzendutako eleberria da. Laida Ruiz marrazkilari lazkaotarrak egin ditu liburuko ilustrazioak eta zuzenean marraztu du aurkezpen saioan
Amaia Telleria idazle idiazabaldarrak Zuhara, itsasoaren deia bigarren liburua aurkeztu du Donostiako Udal Liburutegiko Mandas Dukearen Aretoan, Alberdania argitaletxearekin. Duela urtebete aurkeztu zuen lehen liburua, Haize-lekuak eleberria, leku berean, eta izandako harrera onaren ondoren, bigarrena plazaratu du. Zuhara hamahiru urteko neskatxa da protagonista, itsasoaren deia sentitu eta bidaia bati ekingo diona.
Hamar urtetik gorako irakurleei zuzendutako eleberria da. «Historia iniziatiko bat da Zuhararen kontakizun hau, ezinbestez. Izan ere, bilatzen dituen irakurleak orduantxe hasten ari dira bizitzan oin propioez ibiltzen», azaldu du Telleriak. Abenturaz betetako literatura fantastikoaren eremua jorratu du oraingoan idazleak, Alberdaniako Jorge Gimenez Bech editoreak adierazi bezala, «mundu oso bat sortu duelako, egunerokotasunetik apartekoa, ezagutzen dugun errealitatetik hurbilekoa eta, aldi berean, urrunekoa».
Lehorretik itsasazpira
Hamahiru urteko gazte askoren antzera, lekuz kanpo sentitzen da Zuhara eskolan, lagunartean zein egunerokoan. Halako batean familian gordeta egon den sekretu batek barrua astinduko dio eta itsasoaren deia sentituko du: Zuhara, bere ama eta bere amona bezala, itsaslamina bat da eta itsasazpiko mundua ezagutzeko ordua iritsi zaio. «Han bilatu beharko du Zuharak bere burua. Han, eta hango legeen arabera, erantzun beharko die neskatilak bidera ateratzen zaizkion galderei», azaldu du Telleriak. Gazteek aurre egin beharreko arazoen artean, autoezagutza eta autoestimu-hartzea landu ditu idiazabaldarrak: «Protagonistak ez du bere burua ikusi egoera askoren aurrean, eta orain tokatzen zaionean ikusiko du uste baino indar gehiago duela».
Sentsazio horiek bizi izan dituztenei zuzendutako eleberria izanik, Zuhara bera «bidaide baliagarria» izan daitekeela adierazi du idazleak. «Bizitza arriskuan jarriko du, eta era berean lehorrean ez bezalako harremanak lortuko ditu ingurukoekin».
Ilustrazio «lan fina»
Urdinak, berdeak, horiak, moreak… azal koloretsua du liburuak. Laida Ruiz marrazkilari lazkaotarrak ilustratu du, eta idazleak azaldutakoaren arabera «lan fina egin du, Zuhararen irudia sortuz, baita haren munduaren alderdi grafikoa landuz». Aurkezpen saioan, aretoan bertan izan da Ruiz marrazten. «Bikain interpretatu ditu idazlearen ideia eta liburuaren premiak».