Baso Biziak plataforma sortu dute, baso-politika jasangarri baterantz aldaketa bultzatzeko
Euskal Herriko talde ekologistek eta baserritarren hainbat elkartek osatzen dute Baso Biziak plataforma, eta tartean da Landarlan Ingurumen Elkartea ere.
Baso Biziak plataforma sortu eta aurkeztu dute. Baso Biziak plataformak “biodibertsitatearen alde eta gure erakundeetatik sustatzen den baso-politikaren aldaketaren alde sortutako mugimenduak katalizatzeko pieza gisa” sortu dute, mugimendu ekologistaren barnean dauden eragile desberdinek eta baserritarren hainbat elkartek, tartean delarik, Landarlan Ingurumen Elkartea.
Plataforma berriak salatu du, “egun batean bai, eta bestean ere bai, ikusten ditugu foru aldundiek, probintzietako hiriburuek eta Eusko Jaurlaritzak egiten dituzten kanpaina mediatiko garestiak krisi klimatikoa deritzotenetik urrun, baina ez dugu ikusten baso autoktonoak berreskuratzeko ganorazko ekintzarik, hain zuzen ere, epe luzera karbono-harrapaketa handiena bermatzen dituena”. Kritikatu dute, lehen pinua zegoen tokian, eukalipto landaketak egin direla, eta hain zuzen ere, eukaliptoak biodibertsitatearen kontrako espeziea den heinean, espezie inbaditzaileen katalogoan sartzeko eskaera zehatza egina dute aspalditik.
Pauso hau emanda, hemendik aurrera espero dute, lehen sektorearen eta talde ekologisten elkarlanetik, benetako aldaketaren lehen alea jartzea, eta gainera, administrazioak inplikatuko dituen aldaketaren hazia izatea, herritarrengandik hurbilen dauden udaletatik hasi eta Europako araudiekin eta krisi bio-klimatikoaren unearekin bat datozen legedi berriekin arautzeko eta zuzentzeko ahalmen handiena duten administrazioekin bukatuz.