Beasaingo hiru enpresetatik batek telelanera jo du
Kontziliazio erantzunkidea sustatzeko enpresek dituzten neurriak aztertu dituzte. Gehiengoak ordutegia egokitzeko aukera du; baita ere, oporren datak aukeratzeko malgutasuna
Beasaingo enpresa txikiek kontziliazio erantzunkidea ahalbideratzeko dituzten neurriak aztertu dituzte HerriLab proiektuaren barnean. Herenak telelanera jo duela ikusi dute bertan, COVID-19a dela eta. Egun, telelana egiteko aukera eskaitzen duten enpresak gehiago dira, halere. %40ak baino gehiagok dute aukera hori, zehazki; oporren datak aukeratzeko malgutasuna eskaintzen dute hamarretik zortzik; eta %83,4ak ordutegi malgua du, sarrera-irteera orduak beharren arabera egotzeko aukerarekin; Erdiek lanaldi jarraia egingo dute udan.
Kontziliaziorako neurriak nagusiki emakumeek erabiltzen dituzte. Esaterako, emakume gehiagok murrizten dituzten lanorduak gizonezkoek baino, horrek dakarren soldata jaitsierarekin; neurriak sail batzuetan besteetan baino gehiago eskatzen direla ere ikusi dute.
HerriLab proiektua duela hiru urte jarri zuten martxan Beasainen, esperimentazio gisa. Herriko eragileak eta biztanleak inplikatuz, elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna era esanguratsu eta iraunkorrean sustatzeko ekintzak diseinatu, probatu eta ezartzea du helburu. Aurretik enpresa handiekin egin zuten lanketa hau. Gaur enpresa txikien txanda izan da. 36 enpresek hartu dute parte eta hamaika langile dituzte nominan, bataz beste. Industria eta zerbitzuen alorreko enpresak dira, nagusiki. Leire Artola alkateak, Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, Iker Galparsoro Goiekiko zuzendariak, Silvia Muriel adituak eta Herrilabeko talde motoreko ordezkariak ere izan dira bileran.