CAFek 200 milioiko bi akordio lotu ditu
Beasaingo konpainiak 51 ibilgailu ekoitziko ditu Essen eta Mulheim hirietarako; beste 8 unitate ekoitziko ditu Friburgorako. Hiru hiriak Alemanian daude
CAFek 200 milioko bi eskari jaso ditu Alemaniatik. Bata, Essen eta Mulheim hiriak lotzen dituen tranbia-sarerako; bestea, Friburgo hiriko tranbia flota handitzeko. Denera, LRV eta Urbos modeloetako 59 tren ekoitzi beharko dituzte.
Essen eta Mulheim Ruhr ibaiaren arroan kokatzen diren bi hiri dira, Ipar Renania-Westfaliako eskualdean. Bi hirien artean kilometro gutxiko distantzia dago eta metropoli bakarra osatzen dute. Herrialdeko hamar hiri handienen artean daude. Tranbia sare bakarra dute. 155 kilometroko ibilbidea du eta 150 milioi bidaiari baino gehiago izaten ditu. Ruhrbahn GmbH operadoreak ustiatzen du inguruko garraio publikoa, eta berak egin dio eskaria CAFi. 51 unitate eskoizteko akordioa da, 2024 eta 2026 urteen bitartean entregatzeko. Gerora egin beharreko piezen ordezkapenak ere CAFek egin beharko ditu.
Friburgoko tranvian CAFek ekoitzitako unitateak dabiltza jada. Tranbia zaharrak alboratu egin behar dituzte orain, 20 urteren ondoren, eta CAFi eskatu dizkiote berriak. 8, zehazki. Aurrekoekin alderatuta luzeagoak dira, irisgarriakgoak izateko eta edukiera handiagoa izateko.
CAFen eta Alemaniaren arteko lotura ez da berria. Friburgoko eskariez gain, aurretik ere beste hainbat akordio lortu ditu bertan: gaur egun Schönbuchbahn operadorearentzako unitate elektrikoak entregatzen ari da; Solaris filialarentzat ere merkatu garrantzitsua da. Iaz 329 autobus ekoitzi zituen herrialderako. %40a elektrikoak ziren.