Festarik gabe, udako kultur eskaintza zabala prestatu du udalak
Asteartean, ekainak 22, haurrentzako jolasak eta 'Meri, Mari eta Lari' antzerkia izango dira. Uztailaren 29an izango da udako egitarauko azken ekintza: Galerna taldearen eta Eneko Dorronsororen kontzertuak.
“Bando bando, alkatek esan do, aurtene ezta festaik izango”. Hala adierazi du Segurako Udalak aurten ez dela festarik izango herrian. Dena den, udako kultur eskaintza zabala prestatu du. San Joan festak ospatzerik ez dute izango, baina musikaz, zinemaz edota antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Udalak ohar bidez azaldu duenez, kultura arloan egindako inkestan jasotako datuak kontuan hartu dituzte agenda egiterakoan.
Bi izan ezik, Laiotz Herri Eskolan izango dira jarduerak guztiak eta asteartean ekingo diote egitarauari. 16:00etatik 19:00etara haurrentzako ekojolasak izango dira, eta segidan, ‘Meri Mari eta Lari’ ipuin eta kantu antzerkia. Hemen uztaileko egitaraua:
- Uztailak 1: neguko zirkua ikuskizuna, 18:30ean, Baratze pilotaleku ondoko kantxan.
- Uztailak 6: Idoia Asurmendi abeslariaren ‘Ilun eta abar’ diskaren aurkezpen kontzertua. Joseba Ederra baxujolearekin. Sarrerak liburutegian edo udaletxean.
- Uztailak 8: 19:00etan ‘Iker.Mendia.Etxea’ dokumentala Iker Karrera mendizalearekin. Ondoren hitzaldia. 21:30ean, berriz, ‘Hil kanpaiak’ filma.
- Uztailak 13: Ane Labaka eta Beatriz Egizabalen ‘Erradikalak ginen’ antzerkia.
- Uztailak 15: Ziztada & Rlantz rap taldearen kontzertua 19:00etan. Sarrerak liburutegian edo udaletxean.
- Uztailak 20: Josu Marotoren Masala Soul Project dokumentala eta hitzaldia, 18:30ean.
- Uztailak 22: ‘Iragana orain orain gero’ dokumentala 18:30ean, Parrokian. Segurako memoria landu eta jasotzen duen proiektua da, Laureano Tellerian oinarrituta. Sarrerak liburutegian edo udaletxean.
- Uztailak 27: ‘Dardara’ dokumentala 19:00ean. Sarrerak 3 eurotan salgai liburutegian edo udaletxean. 21:30ean, berriz, ‘Ane’ filma.
- Uztailak 29: Galerna taldearen kontzertua 18:30ean eta Eneko Dorronsororen ‘Agirre’ diskaren emanaldia 19:30ean. Bietarako sarrerak liburutegian edo udaletxean.