Ibilbide ofiziala lehenetsi dute Zaldibiako mendi lasterketan, eguraldiari so
Aralarko gainetaraino igo eta jaitsiko dira korrikalariak, bihar, Zaldibiako II. Mendi Lasterketan. Ekaitz iragarpenei begira dira antolatzaileak, gaur ere. Puntako partaidetza izango da karreran
Ez da hasiera samurra izaten ari Zaldibiako Mendi Lasterketa. 2019an egin ziren estreinako probak luzea eta motzagoa, eta iaz koronabirusak eragotzi zuen antolatzea ere. Aurten, ibilbide luzea bakarrik prestatu dute, segurutik jotzeko, baina eguraldia izan dute kezkagai azken aste honetan.
Ekaineko ekaitz arriskuak eta Aralarko goi mendien garaiera handia ere bai baititu osagai, gaur arratsaldeko eguraldi iragarpenak emango du ebazpena. Herenegun, ibilbide ofiziala zuten lehentasunekoa, eta Ganboraino (1.412 m) igotzen den lehen edizioko luzea markatu dute. «A planarekin goaz. B plana ere pentsatuta daukagu, ibilbide alternatibo bat izan daitekeena. Ostiral arratsaldean ikusiko dugu ekaitz arriskua zenbaterainokoa den», dio Unai Belokik.
27 kilometro luzerekin eta ia 2.000 metroko desnibel positibo metatuarekin, ez da txantxetako mendi karrera Zaldibiakoa. Euria egitea espero da bihar, eta mendian lainoa ere egongo da. «Markajea lainotan ibili beharko dutela pentsatuta egin dugu, balizak maiz-maiz sartuta. Horrek ez digu ekaitzak bezainbesteko buruhausterik ematen». Izan ere, 7. kilometrotik aurrera erabat garbira ateratzen dira Aralarren. «Babesik ez dago han, 22 kilometrora arte. Zabaleko eremu hori saihestu behar da ekaitza baldin bada».
Goi mailako partaidetza
Kirol erronka mardula eta mendi paraje bikainak dituenez, apetatsua bihurtu da Zaldibiako Mendi Lasterketa, bigarren deialdian ere. 250 korrikalariren mugarekin ireki zuten izen-ematea, eta egun eta erdian ahitu zen. 80-85 boluntariok zainduko dituzte ibilbidea eta anoa postuak. «Zaldibian boluntarioen prestasunaren zorte hori dugu, eta eskertu nahi diegu lana».
Goizeko 09:00etan abiatuko dira mendirantz. Irteera mailakatua egingo dute, 50na korrikalariko bost multzotan, batetik bestera bi minutu utzita. Bi ordu eta erditik hirura bitartean irits liteke lehena. 2019an, Iñaki Olano irabazleak 2:29:15 egin zuen, luzean. Ez da bihar Zaldibian izango, lesio bat tarteko. Motzeko garaile Gartzen Elejabarrieta bai (1:11:56 ordu 2019an, 15 kilometrokoan). Emakumezkoen artean, Oihana Kortazar, Oihana Azkorbebeitia edota Aitziber Ibarbia (Tolosan T3Tn garaile lehengoan) Zaldibian izango dira.
Ibilbidea eta arrautza saria
Zaldibiatik irten, eta Olakosaitik Ausa Gaztelura (901m) igoko dira. Gero, Errekontatik gora Alotzara, Ganbotxikira (1.377m) eta Ganbora (1.412m), Uarraindik eta Oiduegitik atzera behera etortzeko. Lau anoa gune eta bi iturri edukiko dituzte bidean.
Sari nagusiez gain, oilo arrautza bat eskuan Gazteluraino lehenengo hautsi gabe igotzen duenari Euskaberrek urte guztiko arrautza emango dio opari.













