Ikasturte amaierako proiektuak aurkeztu dituzte MU Goierri Campuseko mekanikako ikasleek
Covid-19agatik edo bestelako arrazoiren bategatik, isolatuta egon behar duen pertsona bati elikagaiak, sendagaiak edo lehen arretako bestelako materiala modu seguruan garraiatzeko sistemak garatu dituzte, Mondragon Unibertsitatearen Goierriko campusean Ingeniaritza Mekanikoa ikasten ari diren hirugarren mailako ikasleek.
Covid-19agatik edo bestelako arrazoiren bategatik, isolatuta egon behar duen pertsona bati elikagaiak, sendagaiak edo lehen arretako bestelako materiala modu seguruan garraiatzeko sistemak garatu dituzte, Mondragon Unibertsitatearen Goierriko campusean Ingeniaritza Mekanikoa ikasten ari diren hirugarren mailako ikasleek.
Garapen jasangarriaren kontzeptua kontuan hartuta, honako irizpideak hartu behar izan dituzte kontuan garraio sistema garatzeko: garraiatu behar den produktua une oro babestuta egotea, garraio sistema trinkoa eta ergonomikoa izatea (etxe batean edo ospitale batean erabili ahal izateko) eta autonomoa edo urrutira kontrolatu ahal izateko modukoa izatea. Eta gainera, ezaugarri horiei guztiei gehitu behar zaie ingurumenarekiko errespetagarria izatea, energia kontsumoa baxua izatea eta kutsadura akustikorik ez sortzea.
Ainhoa Sarasola ikasleak adierazi du, “lehen egitekoa gaia sakon aztertzea” izan dela. “Azterketa horrek balio izan digu benetan proiektu honekin lortu nahi diren helburuak identifikatzea eta zehaztea, eta behin hori egindakoan helburu horiei ondoen erantzungo dien irtenbidea diseinatu dugu”. Oier Otxoaren hitzetan, “ez da lan erraza izan, proiektua teknologikoki garatzeaz gain, beste hainbat ikuspegi ere kontuan hartu behar izan dituelako: denbora jakin bat egon behar da martxan, pisu konkretu bat altxatzeko gaitasuna izan behar du, eremu konkretu batean modu seguruan ibili ahal izateko prestatuta egon behar da…”.
Bi ikasleak bat datoz: “Ikasturte guztian ikasitakoa praktikan jartzeko oso modu polita da, eta gure burua egoera horietara egokitzen joateko asko balio digu. Taldean lan egin behar dugu, taldekideon artean koordinatu behar gara, beti ez gara ados egoten eta ezadostasun horiek ahalik eta ondoen kudeatu behar ditugu. Eta hori lan munduan ere hala izan behar da, beraz, ikasten goazen eran etorkizunerako prestatzen ere bagoaz”.
Aitor Zuriarrain irakasleak eta mekanika graduko 3. mailako koordinatzaileak balio erantsi bat gehitu dio proiektuari: “Teknologia industria alorrera edo informatikara oso lotuta dago gizartean. Teknologia esaten denean askotan lantegiak eta makinak edo sakelakoak eta ordenagailuak etortzen zaizkigu burura. Baina teknologia oso alor zabala da, eta, noski, oso estu lotzen da gizarte gaiekin. Hori da lanketa honekin lortu nahi izan den helburuetako bat: teknologiaren balioak ezagutzea. Pandemia egoera lagungarria izan da horretan”. Beste behin ere “egunerokotasunean lanean aurki ditzaketen kasuistiketara moldatzen ikasi dute ikasleek. Teoria praktikara eramateaz baino zerbait gehiagoz arduratzea eskatzen diegu, ikasketak amaitu eta lan mundura salto egindakoan ezagutza teknologiez gain bestelako ezagutza batzuk ere izan ditzaten, aurrean dituzten erronkei erantzuteko gaitasuna izan dezaten”.
Bukatzeko, eta Zuriarrainen hitzetan, “ikasturte guztiko materia teorikoa proiektu honetan aplikatu behar izan dute ikasleek, eta oraingoan ez diegu proiektu erraza jarri, horrelako produktu gutxi baitaude merkatuan, eta erreferentziarik gabe, zerotik egin dute prototipo guztia. Gustura gaude eman duten mailarekin eta azken emaitzarekin”.