Musika, dantza eta bertsoa uztartuko dituzte Zerainen Musikaren Egunean
ZerainLab-ek antolatuta, Tobera Musika Eskolak, Solkie dantza taldeak eta Goierriko bertso eskolako gazteek emanaldia eskainiko dute astelehenean, San Blas ermita inguruan, 18:30ean
Astelehenean, ekainak 21, Musikaren Nazioarteko Eguna izango da. Horri lotuta, udako solstizioa ospatzeko ekimena antolatu du ZerainLab elkarteak. Lehenengo aldiz plazara irtengo diren bertsolari, musikari eta dantzarien emanaldiak izango dira Zeraingo San Blas ermita inguruan, Tobera Musika Eskolaren, Solkie dantza taldearen eta Goierriko bertso eskolaren parte hartzearekin. 18:30ean hasiko da, eta amaieran bakoitzak eramandako mokadua elkarrekin hartzeko aukera izango da. ZerainLab-ek Oiharte sagardotegiko txotx mobila jarriko du.
Sei urte inguru dira jaialdia ospatzen dutela Zerainen. Iaz, halere, ez zuten ospatzerik izan, eta aurten berritasun batekin ekingo diote: musika eskolarekin elkarlana dela eta, nazioarteko musikaren eguna ere ospatuko dute solstizioarekin batera. Tobera Musika Eskolari dagokionez, Musika elkarrekin proiektuaren barneko emanaldia izango da. Lagunartean eta presiorik gabe musikaz gozatzeko proposamena da Musika elkarrekin, apirilean abian jarri zutena, eta partaideen aurreneko kontzertua izango da. Solkie Dantza taldea, berriz, sortu berria da, eta bi taldek hartuko dute parte: helduenak eta haurrenak. Azkenik, Goierriko Bertso eskolako bertsolari gazteek ere lehen aldiz egingo dute plaza. Euria izanez gero, eliza atarian egingo dute.
Asteartean, Zegaman
Musikarekin jarraituz, hurrengo egunean, ekainak 22, asteartea, Zegamako eskolako patio estalian eskainiko dute kontzertua Toberako Musika elkarrekin proiektuko bi taldeek. Doan izango da eta ikustera joan nahi duten herritarrek aurrez eman beharko dute izena Zegamako udaletxera deituta.
Musika eskolatik adierazi dutenez, «arrakastatsua» izan da ekimena, eta datorren ikasturtean ere jarraituko du: «Partaideek horretarako nahia agertu dute». Entsegu luzeagoak egingo dituzte irailetik aurrera, eta parte hartu nahi duenak musikaelkarrekin@tobera.org helbidera idatzi behar du. Ezagutza maila ez da kontuan hartuko. «Musikazalea izatea besterik ez da behar partaide izateko».













