Igor Manzisidor eta Oihana Kortazar nagusi Zaldibiako Mendi Lasterketan
Zaldibiako Mendi Lasterketaren bigarren edizioa jokatu dute gaur Zaldibian. Eguraldiak azkenean lagundu du, nahiz eta hezetasun handia izan den. Gizonezkoetan lehia estuagoa izan da emakumezkoetan baino.
Igor Manzisidor debarra eta Oihana Kortazar elgetarra izan dira azkarrenak Zaldibiako II. Mendi lasterketan. Korrikalariek 27 kilometroko ibilbidea egin dute, 2.000 metroko desnibelarekin. Aralarko gainetan ibili dira, tartean Ganboraino (1412 m.) igota. Eguraldiaren iragarpenak ikusita bazuten beldurra antolatzaileek, baina azkenean zortea aldeko izan dute eta portatu da. Bezperan eta gauean egindako euriak, hala ere, ibilbidea lokaztu dute. Hezetasuna izan da, hala ere, korrikalarien oztopo nagusia. Probaren erdi aldetik aurrera bero handia pasa dute.
Gizonezkoetan, lehia estua izan dute Manzisidorrek eta Elejabarrietak, Zaldibiako lehen mendi lasterketaren proba motzeko irabazleak. Baina abadiñarrak arazo muskularrak izan ditu, eta minutu batzuk galdu ditu helmugan. Irteera mailakatua izan denez, Carlos Antonio Jimenez araiarrak eman du ezustekoa, helmugan beranduago sartuagatik, sailkapeneko bigarren postuan gelditu baita.
Emakumezkoetan Oihana Kortazar elgetarra izan da azkarrena. Eguraldiarekin zortea izan dutela eta parajeekin gozatu duela azaldu. Emma Rocari eskaini dio garaipena. Emakumezkoen marka ontzetik gertu ibili bada ere, aurreko astean Tolosako proban egindako ahaleginaren ondorioak ere nabaritu dituela eta gehiago ezin zela eskatu azaldu du. Emakumezkoen podiuma Oihana Azkorbebeitiak eta Onditz Iturbek osatu dute.
Aurreneko goierritarra Aitor Zunzunegi legorretarra izan da. Azkenean podiumetik kanpo gelditu bada ere, ez da saririk gabe gelditu, Euskaber etxeak urte osorako arrautzak eman baitizkio opari. Oihana Kortazarrek ere sari bera jaso du; biek ala biek ere, Gazteluraino arrautza bat osorik eramatea lortu baitute.
Ez gizonezkoetan, ez emakumezkoetan, ez dute aurreneko edizioko markarik hobetu. Gizonezkoetan Iñaki Olanok (2.29.15) eta emakumezkoetan Ainhoa Sanzek (2.46.07) dituzte errekorrak.
SAILKAPENA
Gizonezkoak:
- 1. Igon Manzisidor (Deba)
- 2. Carlos Antonio Jimenez (Araia)
- 3. Gartzen Elejabarrieta (Abadiño)
Emakumezkoak:
- 1. Oihana Kortazar (Elgeta)
- 2. Oihana Azkorbebeitia (Abadiño
- 3. Onditz Iturbe (Barakaldo)