Urtemugaren neurriko omenaldia
Zumarragako Trikitixari merezitako omenaldia egin diote gaur, sorterrian. Herriko nahiz Euskal Herriko artista ezagunek parte hartu dute. Ehun urte bete ditu mugimenduak.
Ehun urtetik gorako historiak merezi zuen horrenbeste. Urteurrenaren tamainako omenaldia egin diote gaur Zumarragako Trikitixari, duela mende bete sortu zen tokian, Zumarragan. Sortzaileen oinordekoak nahiz Euskal Herri mailako artista ezagunak bildu dira Zelai Ariztiko oholtza gainean. Segurtasun neurriek eskatzen duten aforoarekin, bete egin da antzokia.
Laja eta Lutxurdiok, Garikoitz Lizarraga eta Iñaki Larrañagak, Xabier Etxaniz eta Ainara Saizarrek, Xabi Aburruzagak eta Ikigai eta Amak taldeek parte hartu dute emanaldian. Saioaren bukaeran, trikitilari guztiak elkartu dira, Zumarragako Trikitixaren kalejira bat jotzeko. Segidan, omenaldia egin diete Zumarragako Trikitixako kideei. Seberiano, Inixio, Miguel eta Kepa Urteaga igo dira eskenatokira; Mikel Alustizak ezin izan du ekitaldian egon. Udalaren izenean oroigarri bana eman die Mikel Serrano alkateak, eta pieza bat jo dute haiek ere.