Ballet ikuskizuna egin dute Barrena parkean
Ordiziako Barrena parkea ballet dantzariz bete da gaur eguerdian. Amets Bide dantza taldekoek "barandilla" egin dute
Pandemiak sortutako egoera dela eta, garai zaila izaten ari da kultur ekitaldiak antolatu nahi dituztenentzat. Azkenaldian jendaurrean haien dohainak erakusteko aukerarik izan ez duten arren, Amets Bideko dantzariak ez dira geldirik egon denbora guzti honetan, eta azkenik lortu dute orain arte ikasitakoa dantzazaleei erakustea.
Lau emanaldi antolatu zituzten guztira asteburu honetarako, eta gaur azkenekoaren txanda izan da Ordiziako Barrena parkean. Parkeko pasilloak dantzariz bete dira gaur eguerdiko 12:30etan, eta dantzari dagokion espazioa berreskuratuz, “barandilla” egin dute Amets Bideko dantzariek.