«Estar/Llegar/Quedarse» obra antzeztu dute Errefuxiatuen Mundu Eguna aldarrikatzeko
Errefuxiatuen Mundu Egunaren harira, Ordizia Kolore eta Nissaa Asaada Emakume elkarteak antolatutako «Estar/Llegar/Quedarse» obra antzeztu dute gaur goizean
Gaur, ekainak 20, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna ospatu da munduan zehar. Ordizian ere, kolektibo honi ahotsa emateko asmoz, emanaldi xume baina ahaltsua egin dute D’elikatuz interpretazio zentroan. Bertara inguratu direnek, Gracia Morales antzerkigile andaluziarraren “Estar/Llegar/Quedarse” testuaren irakurketa dramatizatuaz gozatzeko aukera izan dute. Testu honek, migrazio-prozesuak eta ibilbide hauetan sortzen diren dolu ezberdinak jasotzen ditu.
Ideia nagusia Legorretako Nissaa Asaada Emakume elkartean sortu zen arren, hauek euren asmoa Dar-darreko kideekin partekatu zutenean, hasierako testua moldatu eta ideia aberastea erabaki zuten. Azkenean, jatorri eta hizkuntza ezberdinak zituzten herritarrak batu eta bost pertsonentzako obra bat atera zuten, euskara, gaztelania eta ingelesa batzen zituena. Antolatzaileetako batek adierazi duen moduan «askotan hitz egiten da errefuxiatuei buruz, baina oso gutxietan hitz egiten da errefuxiatuekin», eta horregatik, egoera hau haien azalean bizi izan duten antzezle batzuk ere protagonista izan dira gaurko emanaldian.