Iparragirre omendu dute bere jaiotzaren urteurreneko kontzertuan
Gorka Hermosak Urretxutik Mundura obra aurkeztu du hainbat artista famaturekin batera Iparragirreri eskeinitako kontzertuan
Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena den honetan, Urretxuko Udalak antolatutako programaren baitan, Gorka Hermosak egindako proiektua aurkeztu dute gaur arratsaldeko 19:30etan San Martin de Tours elizan. Begi-bistan zegoen herritarrak Urretxutik Mundura obraren aurkezpena ezagutzeko irrikitan zeudela, izan ere, aforoa mugatua zen arren, parrokiako eserleku guztiak bete dituzte ia.
Gorka Hermosa, ordea, ez da bakarrik aritu Urretxuko Udalaren enkarguz konposatutako obra honetan. Joseba Apaolaza aktore urretxuarra izan da gaurko emanaldiari sarrera eman diona, Iparragirreren inguruko pasarteak kontatuz, eta bera izan da Gorkari, Marina Pardo mezzosopranoari, Blanchard Strings orkestrari eta Easo abesbatzari ikuskizunarekin hasteko bidea eman diena.
Iparragirreren melodia ezagunenen moldaketak eta bere obrak interpretatzen aritu diren honetan, euren parte-hartzea erakutsi dute Toti Martinez de Lezea idazleak, Josu Maroto marrazkilariak eta Jon Maia eta Maialen Akizu bertsolariek.